«Ondo prestatuta, eta fisikoki eta mentalki helduago» iritsiko da Mundarro-La Salle, Euskal Ligako estreinaldira. Aurten, senior nesken taldeak bere mailan «aurrerapauso bat» eman duela uste du Aitor Lopez entrenatzaileak: «iaz baino sendoagoa da taldea, zalantzarik gabe».
Eta ziurtasun horrekin, helburua ere ez da nolanahikoa izango: «Final Fourrera iristea gustatuko litzaidake, uste dut posible dela. Eta hori izango da hasierako helburua. Gero, ikusiko dugu nola doan Liga».
«Altuera eta kanpoko jaurtiketak izango dira gure arma nagusiak»
Barruko jokua izango da taldearen indargunea: «altuera dexente daukagu, etorri diren bi pibotak altuak direlako. Errebotean indartsu gabiltza, eta hori aprobetxatu behar dugu. Gure arma nagusia izango da altuera, kanpoko jaurtiketekin batera». Eta defentsan ere, aurrerapausoa eman dutela uste du Lopezek.
Kontrako aldean, abiadura eta kontraerasoak izango dituzte: «korrika egitea izango da gure ahulgunea, eta komeni zaigu joku lasaia egitea».
«Iaz mentalki egin zitzaigun luzea denboraldia»
11 jokalariko taldea osatu dute aurten, lau fitxaketarekin eta hiru jokalarik taldea utzita: «oso ondo ari dira moldatzen, lehendik ere ezagutzen ziren, eta maila haundiko jokalariak dira etorri direnak». Lara Sanchez da astigartar bakarra.
Entrenatzaileak uste du iazkoa ez dela errepikatuko: «aurreneko buelta oso ona egin genuen, partidu batzuk oso ondo jokatuta, eta liderrari ere irabazita. Baina gero, jendeak gehiago espero zuen, eta bi-hiru partidu galtzean, taldeak behera egin zuen. Mentalki egin zitzaigun luzea. Baina aurten, ez dut uste partidu pare bat galtzeak eragingo digunik».
11 jokalariko taldea osatu dute, «maila haundiko lau jokalari fitxatuta». Lara Sanchez da taldeko astigartar bakarra.
«Aurreko urtean esperientzia falta nabaritu genuen»
Oso talde gaztea izango du Mundarro-La Sallek aurten ere: «20 urte baino gehiago ez dauzkate lau jokalarik, eta gainontzekoak, 23 eta 30 urte artekoak dira denak». Hala ere, iazkoarekin aldea nabaritu du Aitor Lopezek: «helduago ikusten dut taldea. Iaz, aurreneko urtea genuen Euskal bigarren mailan, eta esperientzia falta nabaritu genuen. Baina jokalariak hazi egin dira».
Aurreneko aurkaria, ezezaguna
Getxoren kontra hasiko dute liga bihar, etxetik kanpo, eguerdiko 12:00etan Urko kiroldegian: «sorpresa izango da, ez dugu taldea ezagutzen, iaz lehenengo mailan aritu baitzen». Edozein kasutan, irabaztera aterako dira: «oso inportantea da denboraldia ondo hastea, gero horrek ematen digu indarra, lanean jarraitzeko».
MUNDARRO-LA SALLE 15-16
EUSKAL 2. MAILA SENIOR NESKAK
Antolatzaileak: Oihana Arzallus, Iraia Perez.
Hegalekoak: Monica Gutierrez, Marta Alcala, Maider Odriozola, Ainhoa Pedrosa, Haizea Villaverde.
Pibotak: Lara Sanchez, Leire Izagirre, Nerea Saenz, Leire Oregi.