Zer egin dezake Astigarragako gazte batek bere denbora librean? Gaztelekuan dago horren erantzuna. Udalaren ekimena da, eta herriko 12-18 urteko gaztetxoei zuzendua da. Gaztelekua Joseba Barandiaran plazan dago eta asteartetik igandera ateak zabalik izaten ditu. Ekintza desberdinak egiteko aukera izaten dute bertan gazteek eta baita herriko beste gazteekin harremantzeko modua ere.
Idurre Aierdi eta Maider Mujika hezitzaileak dira arduradunak eta Gaztelekuaren nondik-norakoaren berri eman diote Kronikari. Hiru hezitzaile aritzen dira Gaztelekuan: Maider Mujika bera, Maider Juanes eta Larraitz Urkia.
«Gazteek nahi dutena kontuan hartzen dugu»
Nerabeentzako eta nerabeek sortua, filosofia horri eusten diote Gaztelekuan. Eta ikasturtea hasi berri den honetan, iaz funtzionatu zuten eta ez zuten gauzak aztertu dituzte, gazteen beharretara egokituz. Orokorrean oso ondo funtzionatu zuela eta, ez dute aldaketa askorik egin. Gune berak mantendu dituzte: sukaldea, sofagunea, tailerrentzako gunea eta jolasena: ping-pong, bilarra, futbolina eta air hockeya.
Funtzionamendua ere bera izango da. Asteartetik ostiralera Lagunki egingo dute. Hau da, gazteek libre izango dute nahi dutena egiteko: «Astean zehar lasai egon nahi izaten dute. Egia esan, eskolaz kanpoko ekintza ugari izaten dituzte eta joan-etorrian ibiltzen dira», azaldu dute Aierdik eta Mujikak. Asteburuetan, berriz, ekintza desberdinak antolatzen dituzte: «Hilabetero osatzen dugu programazioa eta gazteek nahi dutena kontuan hartzen dugu: sukaldaritza, kirola, eskulan eta tailerrak, irteerak, pelikulak, ikuskizunak… Ekintza horiek egiten ditugu hilabetero», diote.
Ostiral eta larunbatetan, ordutebete gehiago
Aldaketa txiki bat ordutegian egin dute. Orain arte, asteartetik igandera 17:00etatik 20:00etara izaten zen Gaztelekua zabalik, eta orain, ostiral eta larunbatetan, 16:30etatik 20:30etara egongo da irekita. Ordubete gehiago izango da beraz. Gabonetan, Aste Santuan eta udaran ere Gaztelekua martxan izaten da eta gazteen ordutegira moldatzen dira. Eskolarik ez dutenez, goizetan ere zabaltzen dute Gaztelekua. Horrez gain, egitarau berezia prestatu ohi dute.
Oso erantzun ona
Egitasmoa herrian oso errotua dagoela azaldu dute bi hezitzaileek eta gazteek ohitura haundia dutela bertara joateko: «Asteburuetan batez ere. Eta adin guztietakoak. Ikastolatik egiten dugu deialdia, 6garren maila bukatzen dutenek, uda horretan bertan, Gaztelekuan sartzeko aukera baitaukate eta asko nabaritzen da. Udan gehienak, hasi berriak izaten dira. Gogotsu hasten dira».
Berdintasuna lantzen
Ekintza guztien helburua heziketa da, ondo pasatzeaz gain, eta helburu orokorrak eta zehatzak markatzen dituztela azaldu dute. Helburu orokorren artean egongo lirateke: gazteen arteko harremanak lantzea, errespetua, herria ezagutzea, hezkidetza, euskera, natura… Helburu zehatzei buruz, berriz, halaxe azaldu dute: «Badira gai batzuk kezka sortzen dutenak gazteen artean eta horiek ere lantzen ditugu: drogak, sare sozialak, aniztasuna… Eta gai horiei zuzendutako ekintzak antolatzen ditugu: pelikulak, tailerrak…». Iaz berdintasuna landu zuten batez ere. «Udalak Berdintasun Plana daukala aprobetxatuz, gaia lantzea pentsatu genuen. Gainera ikusten genuen bazegoela ze landua», gaineratu dute. Bufanda zati bat egin zuten denen artean, Indarkeria sexistaren aurkako matazak proiektuarekin bat eginez. Eta aurkezpen egunerako abestia ere beraiek sortu zuten, «gaur egun ere, erabiltzen dena».
Gazte Informazio Bulegoa ere badago KZ gunean. Astearte-ostiral (11:00-13:00) eta asteartetan (17:30-19:30).
Aurten ere, gai berdinarekin jarraitzea pentsatu dute: «Oso gai zabala da eta oraindik badago zer landua. Gainera, txikiagoak inplikatzea nahiko genuke. Gaztelekuko zaharrenek hartu zuten batez ere parte iaz eta txikiagoengana iristeko beste modu batera landu behar dugula ikusi dugu, beste ekintza batzuk antolatuz». Eta aurrez aipatutako beste gaiak ere landuko dituzte.
Horrez gain, hiruhilabetean behin monografikoak antolatzen dituzte. Gai baten inguruan informazioa zabaltzen dute modu bisualean. Normalean, argazkien bidez.
Taldean eta banaka
Adin desberdinetako gazteak elkartzen dira Gaztelekuan eta oso ondo moldatzen direla azaldu dute Aierdik eta Mujikak. Gehienak, taldean, koadrilaka gerturatzen direla diote, baina badirela banaka ere joaten direnak. Oso giro ona izaten dela nabarmendu dute.
Jolas Berri ere, martxan
Kale Hezitzaileek beste ekimen bat ere zuzentzen dute: Jolas Berri. Ekimen hau 6-12 urtekoei zuzendutakoa da. Izen ematea asteazkenean bukatu zen eta astelehen honetan jarriko dira martxan. Astelehen eta asteazkenetan elkartzen dira Arrobitxuloko lokalean, 16:30etatik 18:30etara.
Pizza tailerra gaur, eta boloak bihar
Urriko programazioa prestatu dute Gaztelekuan eta gaurko pizza tailerra antolatu dute. Bihar, berriz, boloekin jolastuko dute. Astean zehar, Lagunki izango da eta asteburutako ekintzak, honakoak:
Gaur: Pizza tailerra.
Bihar: Boloak.
Urriak 10: Jolasak kanpoan.
Urriak 11: Eskulan tailerra.
Urriak 17: Gaztainak biltzera.
Urriak 18: Hallowen, apaingarriak.
Urriak 24: Enkuadernazio tailerra.
Urriak 25: Pelikula.
Urriak 31: Hallowen festa (makilajea).