Sagardotegiak sagarra bildu eta sagardoa egiteko garaian daude. Udazkenaren garrantzia bistara atera eta sagardotegiek egiten duten lana ezagutzera emateko, hainbat ekintza antolatu ditu Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, sagardotegiekin batera, Sagastitik Kupelera ekimenaren barruan. Besteak beste, Astigarragako Petritegi sagardotegiak parte hartuko du eta bi ekintza antolatu ditu: Estutu zure sagardoa eta Ate irekiak.
Sagarra txikitu eta muztioa atera
Estutu zure sagardoa saioarekin, bertako historia eta kultura bizitzeko aukera izango da. Sagardoaren ekoizpena sagastian hasten da, sagarra erraminta tradizionalekin bilduz: Kizkia eta saskia. Ondoren, sagarrak zakutan sartu eta tolare gunera eramango dituzte bisitariek, sagar muztioa lortuz. Horretarako, sagarra matxakan txikitu beharko da eta eskuzko tolarean estutu. Sagar zuku freskoa probatzeaz gain, botila bat eramango dute partehartzaileek.
Bukatzeko, sagardotegi menu tradizionala probatzeko aukera izango da, txotx eginez. Familian disfrutatzeko esperientzi paregabea dela adierazi dute.
Beste saio bat ere bai
Bihar joateko aukerarik ez dutenek, urriaren 18an ere izango dute beste saio bat. Ordutegia: 11:00-13:30. Informazio gehiagorako: 943 45 71 88.
Ate irekien eguna
Ate irekien eguna ere antolatu du Petritegik urriaren 25ean (11:00-13:30).
Bertako sagastian sagarra bildu, sagar desberdinak probatu, muztioa egin, sagar zukua probatu eta prozesu guztia zuzenean ikusteko eta parte hartzeko aukera izango da. Ekintza desberdinak ere izango dira: sagar bilketa, astoan bueltaxka, haur jolasak, toka txapelketa... Eta ondoren, sagardotegian bazkaltzeko aukera, txotx eginez.
Aurtengo uzta, ona
Sagardogileen Elkartetik azaldu dutenez, aurtengo uzta oso ona dator, bai kopuruz eta baita kalitatez ere: «Azukre eta karakter askoko sagarra da».