Udalak AEKn ikastera animatzen ditu herritarrak

Kronika - Erredakzioa 2015ko urr. 3a, 02:00

Astigarragako Udalak euskera ikasi edo hobetu nahi duten herritarrak animatzen ditu AEK euskaltegira apuntatu daitezen. Horren adierazgarri da, Olaia Pastoriza euskera zinegotzia eta Zorione Etxe­zarraga zinegotzia euskaltegira gerturatu izana Udalaren babesa azaltzera.

Diru laguntza desberdinak
Aurreko urteetan bezala, Udalak diruz lagunduko ditu euskaltegian arituko diren Astigarragako herritarrak. Arazo ekonomiko larriak dituztenek eta agiri bidez justifikatu dezaketenek %100 jasotzeko aukera izango dute. Bestalde, 12 urtera arteko haurrak dituzten gurasoek, langabezian daudenek, merkatariak direnek edo ikasleek, matrikularen %75 jasoko dute ikasturtea bukatzean. Gainerako herritarrek, berriz, matrikularen %50 jasoko dute ikasturte bukaeran.

Izena emateko aukera
Informazio gehiago edo euskaltegian apuntatu nahi duenak, kultur etxeko bigarren pisura azaldu besterik ez du edo 607 610 687 telefonora deitu edo astigarraga @aek.org helbidera idatzi.

Gurasoentzako, eskaintza berria
Azken orduko eskaintza berezia prestatu du AEKk. «Ikastolako guraso bazara, aukera ezin hobea duzu euskera ikasteko azken orduko eskaintza berri honi esker. Zuen seme-alabak ikastolan dauden bitartean, euskera ikasteko aukera paregabea!», azaldu dute. Astelehenetik ostegunera izango da, 14:45-16:15 ordutegian, AEKko lokal berrian, ikastolaren ondoan.
Udalaren diru laguntza du ekimen honek (matrikularen %100 arte). Kasu honetan ere, izena emateko edo informazio gehiagorako, hiru bide daude: kultur etxera jo, 607 610 687 telefonora deitu edo astigarraga @aek.org helbidera idatzi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!