Jon Garaño zuzendari astigartarraren eta Joxe Mari Goenagaren Loreak filma aukeratu du Espainiako Zinema Akademiak Oscarretarako lehiarako. Hori horrela, mundu osoko filmekin lehiatuko da, ingelesa ez den beste hizkuntza batean egindako filmen atalean.
Loreak pelikularekin batera, Carlos Vermuten Magical Girl eta Gracia Querejetaren Felices 140 filma egon dira hautagaien artean. Azkenean, euskal pelikula aukeratu du Espainiako Zinema Akademiak. Lehenengo aldia da euskeraz egindako pelikula bat aukeratzen dutela.
Azken erabakia, Hollywoodek
Orain, Hollywoodeko Zinema Akademiak egin beharko du aukeraketa. Eta urtarrilaren 14an jakinaraziko dute ze pelikula aukeratu dituzten ingelesa ez den beste hizkuntza batean egindako filmen atalean lehiatzeko. Oscar sariak berriz, otsailaren 28an banatuko dituzte Los Angeleseko Dolby antzokian.