Zer aurkituko dugu Aske izan arte diska berrian?
Lan berri honetan, gure estiloari eusten diogu. Oi! musika oinarri hartuta, euskarazko kantak lantzen ditugu, gai politiko eta pasarte historiko eta pertsonalak kontatuz.
Aske izan arte diskak 8 abesti ditu. Lehenengo bostak abesti berriak dira, Bolbo, gure bateriajole berria, taldean sartu zenetik egindakoak. Azken hiru abestiak 2010 grabatutakoak dira, eta urte batzuez gorderik egon eta gero, taldeak berriz martxa hartzearekin batera, argitara ateratzea erabaki dugu abesti berriez lagunduta.
Zuen hirugarren lan luzea da. Nolako eboluzioa izan duzue?
Instrumentalki ez dugu eboluzio haundirik izan. Ez gara asko saiatzen arlo hori hobetzen, baina letren melodikotasun haundiagoa bilatzen bai. Eta tematikoki, gai abertzalean nahiko itxiak gaudenez, letra orijinalak bilatzen saiatzen gara, oso errepikakorrak izan ez daitezen. 34 kanta grabatu ditugu gure ibilbidean, eta ia guztiak gure herriaren borroka eta historiaren ingurukoak dira. Ez da erraza errepikakorra ez izatea.
«Guretzat, abesti berezienak dira Aitari eta Non dira?, eta dirudienez, jendeari ere asko gustatu zaizkio».
Nobedaderik sartu duzue?
Instrumentu berri bat sartu dugu pare bat abestitan. Eneko Sierra añorgatarrak saxoa jo-tzen du Aitari eta Non dira? kantetan. Eta egia esan, oso pozik gaude emaitzarekin, abestiek asko irabazten dute eta ez dizkiogu ateak ixten aurrerantzean saxoa edo beste instrumentuekin probatzeari.
Zein dira abesti berezienak?
Aitari eta Non dira?, batez ere saxoa sartu diegulako, eta gure estreinua izan delako arlo honetan. Gainera, asko gustatu zaizkigu bi abestiak, eta dirudienez, jendeari ere bai.
Nondik diskaren titulua?
Lehen abestiaren estribiloko azken zatitik dator. Bertan, taldekide baten esperientzia pertsonal bat kontatzen da, Euskal Herriaren egoera politikoarekin zerikusia duena. Abestiak etsipena eta sentimendu kontrajarriak kontatzen ditu, baina era berean, askapen nazional eta sozialaren helburua bete arte, egoera on zein txarretan lehen lerroan egongo garela aldarrikatu nahi du.
Eta nondik taldearen izena?
778 urtean, Karlomagnoren tropek, Zaragozako hiria ezin hartu eta bueltarako bidean Iruña txikitu zuten. Mendeku bezala baskoiek armada frankoaren atzeguardia txikitu zuten. Garaipen honen karga historiko eta sinbolikoak ematen dio izena.
11 urte dira taldea sortu zela, eta asko aldatu da ordutik.
2010 urtera arte, taldea Pepino (Hernani), Ijurko (Hernarni), Alex (Añorga) eta Peiok (Añorga) osatu dugu. Urte horretan, taldeari eperik gabeko geldialdi bat ematea pentsatu genuen. Handik bi urtetara Amaiurren jotzea eskaini ziguten, Ijurko jada kanpoan zela, eta Ekaitz azkoitiarrak bete zuen bere tokia. Kontzertu horren ondoren, urtean hiruzpalau kontzertu jotzea erabaki genuen, eta horretarako, behin betiko bateria bezala Bolbo antiguatarra batu zitzaigun, Pepinorekin batera Afonia talde hernaniarrean egondakoa. Beraz, gaur egun Pepino da izatez hernaniar bakarra, nahiz eta Bolbo eta Alex bertan bizi diren. Gure koartel nagusia ere Hernanin dugu, Floridako entsaio lokaletan.
Dagoeneko aurkeztu duzue diska. Hernanin kontzerturik badaukazue aurreikusita?
Urte amaiera arte kontzertu batzuk lotuta dauzkagu jada, batzuk Euskal Herrian, baina baita Madril, Lleida, Bartzelona... eta prestatzen ari garen Frantzia aldeko bira txiki batean. Baina oraingoz Hernanin ez dugu ezer lotu, ez. Zeren zain zaudete?