Lasto fardelak saltatu, kamioien gainetik pasa, lokatzetan herrestan ibili, errekak igaro... Mota guztietako oztopoak gainditu behar izaten dira obstakulo probetan: «proba gogorrak dira, baina aldi berean, besteetatik oso desberdinak eta dibertigarriak. Bukatzean, poza da parte hartzaileen aurpegietan ikusten dena», dio Ismael Mateo hernaniarrak. Duela hiru urte hasi zen bera, eta orain, herritar gehiago ere animatu ditu. 25 joan ziren azkenekoan Cascantera, Denontzat taldea osatuta.
«Beste mota bateko probak dira, Behobia edo mendi lasterketetatik oso desberdinak. Abentura bat izaten dira», dio Mateok. Korrika egitea, mota guztietako oztopoekin tartekatzen dute: «pixka bat garaiezin izatetik dator. Baina txipa aldatu behar da, ezin da erritmoa kontrolatu, ez erlojurik eraman. Lokatzez beteko duzulako, besteak beste...».
«Atleta osoa izan behar da: indarra, trebetasuna...»
Horrelako probak «denek egiteko modukoak» direla nabarmendu nahi du Mateok, baina prestatu ere egin behar dela: «atleta osoa izan behar da. Indarra, erresistentzia, korrika egitea eta trebetasuna landu behar dira, eta oztopo bakoitza nola gainditu ere landu behar da. Entrenamendu espezifikoa egin behar da».
Eta horrelako prestaketa egiteko, «gorputz osoa aktibatu eta edozein oztopori aurre egiteko gai izateko», Denontzat gimnasioa montatu du Mateok berak, Floridan: «baina ez bakarrik probak egin nahi dituztenentzat. Prestaketa hori egin daiteke hemen, baina edozein herritarrentzat da. Azken batean, gimnasia egiteko beste modu bat da, makinarik gabe, zirkuitu bat eta oztopoekin».
«Festa haundia izaten da, eta ondo pasatzea da helburu nagusia. Pentsa! Jan-edan postuetan, ez dut sekula urik edo edari isotonikorik aurkitu! Ardoa, garagardoa, turroia...»
«Duela 10 urte egin zen aurrenekoa, Eternal Running»
Mota horretako aurreneko proba, Eternal Running izenekoa izan zen, orain 10 urte: «eta hemen, Euskal Herrian, iaz egin zen aurrenekoz, Hondarribian». Baina modan daude, eta jendetza biltzen da horrelakoetan: «milaka parte hartzaile ateratzen gara. Eta festa bat izaten da. Ondo pasatzea da helburu nagusia. Pentsa! Jan-edan postuetan, ez dut sekula urik edo edari isotonikorik aurkitu! Ardoa, garagardoa, turroia... Parte hartzaile batzuk, bota egin behar izaten dituzte jan-edan postuetatik!».
Festatik urrundu gabe, aurreko postuen lehian ere aritzen da Mateo: «polita da aurrean ibiltzea, eta beti ibili naiz aurreneko bostetan. Baina probatu eta bukatzea ere sekulako meritua da».
Dena prest, Hernanin proba bat antolatzeko
Hernanin ere egiten zen tankera horretako proba bat: «Atleta Osoa izenekoa egin zen San Joanetan, eta duela 10 bat urte galdu zen. Hori berreskuratu nahi dugu, eta zirkuituak, planoak, oztopoak... Dena prest daukagu. Adin guztietarako eta denontzako izango da, eta festa haundia montatu nahi dugu, asteburu osokoa». Dena zehaztu eta data jartzea falta.