Txapelketa berezi eta ikusgarria jokatuko da asteburu honetan, Hernanin. Galarretako Orona Ideo eraikinean. Hain zuzen, Memoria Azkarreko Munduko Txapelketa jokatuko da eta Munduko memoriarik azkarrena duten atletak aurrez aurre izango dira. Tartean izango da Ramon Campayo, egungo munduko txapelduna. Zazpi aldiz lortu du titulu hori eta egungo munduko errekorra ere badu: 80 zenbaki binario memorizatzea lortu zuen 3 segundotan.
Aurreko edizioak Lisboa, Erroma eta Munichen jokatu dira.
6 abiadura proba
Aurtengo txapelketa honetan, munduko 17 atleta onenak ariko dira lehian, Estatu Espainiar eta Portugalekoak, besteak beste.
Lehia sei abiadura probek osatzen dute, orokorrean. Ahalik eta hamartar eta bitar zenbaki kantitate haundienak memorizatu beharko dituzte eta baita geometria figura ezberdinak eta matrizeak (segundo bakarrean eta lau segundotan). Irakurtzeko abiadura, ikusmen memoria, kontzentraziorako gaitasuna eta irudimen eta argitasunaren garapena izango dira Munduko Txapeldun titulua eskuratzeko gakoak.
«Azkar memorizatzeko, azkar irakurtzea ere oinarrizkoa da»
Herritarrei irekia
Ateak irekita egongo dira eta herritar guztiei egiten diete dei gerturatzeko, hain ezezaguna den kirol hau ezagutzera. Gaur, arratsaldeko 16:00etatik aurrera ariko dira. Bihar goizean, berriz, finala jokatuko dute onenek. Hori bai, kontzentrazio haundia behar denez, isilik egon beharko da saio osoan.
«Edozein persona da gai»
Orain dela bi aste aurkeztu zuten txapelketa Orona Ideon. Bertan izan zen Ramon Campayo eta erakustaldi txiki bat ere egin zuen, prentsaren aurrean. Bere abileziekin harrituta utzi zituen bertaratutakoak. Entrenamendua dela sekretua azpimarratu zuen: «Edozein persona da gai adimena ikaragarri garatzeko, beti ere horretarako teknika egokiak erabiltzen baldin badaki». Oroimena landu behar dela azaldu zuen. «Gauza asko memorizatzen ditugu, baina gero ez ditugu oroitzen. Hori da landu beharrekoa. Berez, ez genuke inoiz etxean ikasi behar. Klaseetan entzundakoarekin nahikoa litzateke. Memoria lantzen duenak karrera bukatzean dena gogoratzen du». Eta azkar memorizatzeko, azkar irakurtzea ere oinarrizkoa dela azaldu zuen. Pausoak dira: irakurri, prozesatu eta memorizatu.
Memoria lantzeak duen garrantzia ere nabarmendu zuen: «Konprobatua dago zahartzaro osasuntsuago bat izaten laguntzen duela», gaineratu zuen.
Atletismoan bezala, hemen ere modalitate desberdinak daude. Nolabait esateko, 100 metro liso edo maratoia egin liteke. Campayo 2003an hasi zen memoriaren azkartasuna lantzen. Aurretik beste modalidade batean aritu zen: hau da, ahalik eta hitz gehien memorizatzea. 23.200 hitz memorizatzea lortu zuen 72 ordutan, behin bakarrik entzunda. Beti izan dela adimenaren zale amorratua azaldu dio Kronikari.