Guztira, 13 puntu landu ziren astearteko Plenoan: aktak onartu, eta dekretu eta kreditu aldaketen berri eman; Lanbide Heziketa eskaintzeko akordioa; 5 mozio; kultura eta hezkuntza batzordeetako lehendakarien izendapena; liberazio orduak eta dietak; eta erreguak.
Dekretu eta aldaketak
Hasteko, Luis Intxauspe alkateak azaldu zuen aurrerantzean saiakera egingo dela Plenoko deialdiarekin batera aktak eta dekretuak bidaltzeko. Bestalde, azaldu zen Kultura Batzordeko lehendakaria Koro Etxeberria izango dela, eta Hezkuntza Batzordekoa, Esti Aldeiturriaga.
Aldaketei dagokienez, kreditu aldaketa bat aipatu zen. «Espero ez zen dirusarrera jaso da Seguruen Kontsortziotik, Zubipe eta Landareko uholdeengatik. Diru hori erabili da Zubipeko belarra aldatzeko obrarako».
Hernani, Kaleratzerik gabeko herri izendatzea onartu zen, aho batez, Kaleratzeak Stopek proposatu bezala.
Lanbide Heziketa, Udalaren esku
Bestalde, aho batez onartu zen Eusko Jaurlaritzaren akordio-proposamena onartzea, Transpacarren ematen diren Lanbide Heziketako ikastaroak kudeatzeko eskumena Udalaren gain geratu dadin. Esti Aldeiturriaga zinegotziak azaldu zuen hori zela modu bakarra ikastaro horiek eskaintzen jarraitu ahal izateko. Era berean, Eusko Jaurlaritzari bidaliko zaion adierazpenaren berri eman zuen; «Hezkuntza zentroa desagertu ez dadin, irakasleak kaleratuak izan ez daitezen eta ikasleak aukerarik gabe ez uzteko onartu dugu akordioa, baina LOMCEren aurkako gure konpromisoa berresten dugu». Hau ere aho batez onartu zen.
Bost mozio, onartuta
Herritarrek 3 mozio aurkeztu zituzten, eta denak onartu ziren aho batez.
Kaleratzeak Stopek proposatu zuen Hernani kaleratzerik gabeko herri izendatzea, eta Udalak paper aktiboagoa hartzea. Dagoeneko egiten den lana indartuko dela berretsi zuen alkateak. Kooperazio taldeak, berriz, Semdinli herri kurdu senidetuarekiko elkartasuna eskatu zuen, «Turkia gerra zibilaren atarian» baitago. Bestalde, gaur bertan Hernanitik pasako den Emakumeen Mundu Martxaren harira, marxaren aldarrikapenarekin bat egin eta gaurko ekitaldietan parte hartzeko dei egin zen. Azkenik, alderdi guztiek batera aurkeztutako mozioa onartu zuten aho batez; errefuxiatuei buruzko aitorpen instituzionala.
Azken mozioa EH Bilduk aurkeztu zuen: «Askapena elkarteak nazioarteko elkartasunaren alde egiten du lan. Espainiako fiskaltzak ilegalizazioa eta 5 militanterentzako kartzela zigorrak eskatu ditu. Eskubide zibil eta politikoen kontrako ekintza hau salatu eta elkartasuna adierazi nahi diegu». EH Bilduren aldeko botoekin eta gainontzekoen abstentzioarekin onartu zen. Orain Hernaniko Jaione Aristregik azaldu zuen abstentzioaren zergatia: «Gu herri plataforma bat gara eta ez daukagu ildo politikoa zehaztuta. Iritzi askotako jendea biltzen dugu. Gainera, gaiaren inguruko ezagupide gutxi daukagu».
Eztabaida, liberazioak eta dietak medio
Plenoaren azken aldera, EH Bilduk Gobernu Taldearen proposamenaren berri eman zuen: «erabakigune guztietan alderdi guztien presentzia bermatzea». Horretarako baliabideetako bat liberazioak direla azaldu zuen Luis Intxauspek, baina «gobernu programa garatzeko direlako», EH Bilduko lau zinegotziren artean banatu da 3,3ko liberazioa.
Bestalde, dietak kobratzeko oposizioaren eskaeraren ordez, EH Bilduk proposatu zuen alderdi politikoen eta zinegotzien asignazioak igotzea, alkatearen soldataren proportzioan. Oposizioak, ordea, desadostasunak medio, abstenitu egingo zela azaldu zuen, eta ondorioz, Gobernu Taldeak puntu hau bertan behera uztea eta hurrengo baterako birplanteatzea erabaki zuen. Orain Hernanik azaldu zuen alkatearen %34ko igoerarekin ados ez zegoenez, asignazioak igotzearen kontra zegoela. EAJ eta PSEk, berriz, adierazi zuten oposizioaren lana aitortzeko modua izango litzatekeela dietak kobratzea.
*Mozioak: www.kronika.eus.