Arano, Goizueta, Areso eta Leitzako Gizarte Zerbitzuak martxan jarri berri du herritarrei hainbat tresna tekniko uzteko zerbitzua. Mendekotasunen bat duten herritarrek lehentasuna izanen dute eskaerak egiterakoan, baina bestelako mugitzeko zailtasunak dituzten herritarrentzako ere bada, zerbitzua.
Mugitzeko zailtasunak dituztenentzako tresnak
Juncal Otxotorena Gizarte Langileak azaldutakoaren arabera, «otsailean ireki zuen dirulaguntza eskaera egiteko epea Fundacion Caja Navarrak. Guk aurkeztu genuen proiektua, laguntza teknikoak herritarrei maileguan uzteko, eta 3.300 euroko laguntza jaso dugu».
Horri esker, Gizarte Zerbitzuak hainbat tresna lortu ditu. Besteak beste, gurpil aulkia, bañera eta dutxarako aulkiak, grua, taka-taka, makuluak, elefante hankak, oherako buru garbitzailea, aulkirako buru garbitzailea eta pedalierra.
Eskaera egiteko Gizarte Zerbitzuetara deitu behar da.
Zerbitzua, erroldatuta dauden herritarrentzat
Horietako tresna bat maileguan eskatzeko, lehenik eta behin lau herrietako batean erroldatuta egon behar da.
Eskaera egiteko, berriz, Gizarte Zerbitzuetara deitu behar da, 948 51 08 40 telefonora, eta Juncal Otxotorena Gizarte Langilearekin elkarrizketa baterako ordua hartu. Berarekin aztertuko da kasu bakoitza, eta herritar bakoitzaren beharrak zein diren zehaztuko dira.
Erroldatze ziurtagiriaz gain, NANa, eskaera inprimakia eta ezintasun edo mendekotasun ziurtagiria ere aurkeztu beharko dira. Izan ere, tresnak eskuratzeko lehentasuna izanen dute %33koa baino haundiagoko ezintasun gradua dutenek edo mendekotasun graduren bat dutenek. Hala ere, eta beti ere maileguan uzteko tresnak libre badaude, edozein herritarrek izanen du aukera eskaera egiteko. «Adibidez, mendekotasunik ez duen norbaitek hanka hautsi badu, eta makuluak beharko balitu, aukera izanen du eskaera egiteko, eta libre egonez gero, utzi eginen zaizkio», azladu du Otxotorenak.
Gizarzte Zerbitzuak, herritarren eskura
Tresnak maileguan uzteko zerbitzu hau orain gutxi jarri da martxan, baina bestelako zerbitzuak ere ematen ditu Gizarte Zerbitzuak.
Hain zuzen, Gizarte Zerbitzua osatzen duten lau herrietan, 27 lagun dira mendekotasun haundia dutenak; 39, mendekotasun larria dutenak; 51, mendekotasun ertaina dutenak; eta 41, ez mendekoak direnak. Era berean, etxez etxeko zerbitzua erabiltzen duten 7 lagun dira, mendekotasun haundia dutenak; 6, larria dutenak; 14, ertaina dutenak; eta 20, ez mendekoak direnak.