«Herritarrak dira protagonista, erabaki aroan»

Kronika - Erredakzioa 2015ko ira. 30a, 02:00

Goierriko 22 herrietan herri kontsulta egin nahi dute datorren urte hasieran, eta Hernanin ere bada antzeko asmorik, datorren urte buka­era alderako.
Hori horrela, solasaldia izango da gaur, 19:00etan Bi­te­rin, Gure Esku Dago eki­me­neko bozeramaile Anjel Oiar­bi­derekin. Asmoa da kontsulta horiei buruzko xehetasunak ematea, eta Es­ko­zia edota Kataluniako pro­zesuetatik zer ikasi dezakegun aztertzea. Herritar guztiak gon­bidatu dituzte parte hartzera.

«Pausoak ematen hasi gara»
Oiarbideren hitzetan, «pasa den ekaineko hautetsontziak ez genituen eraiki dekora­zio­rako. Erabakien aroa ireki da, eta herritarrak dira prota­gonista. Pausoak ematen hasi gara, eta adostasunak bilatu behar ditugu orain. Herri­ta­rrek hitza eta erabakiak hartu behar dituzte».

«Asmoa da hitza hartzea, eta erabakitzea; espektadore izatetik protagonista izateko pausoak ematea»

Horrexegatik, herri kon­tsul­tak jarri nahi dira mar­txan, baina Oiarbidek nabar­mendu du «hau bide bat» dela, eta ez bakarra. «Asmoa da hitza hartzea, eta erabakitzea. Goierrin bezala, Ispaster eta Dima ere martxan daude. Espektadore izatetik prota­go­nista izateko pausoak eman behar dira, eta bata bestearen laguntzarekin, hau olatu bat izango da».

Adibideak, ikasteko
Katalunia eta Eskoziako ere­duak buruan, Oiarbidek uste du «adibide guztiak ikasteko onak» direla. «Kataluniak erakutsi digu batzeak ze gai­ta­sun ematen digun herri­tarroi, eragiteko. Egungo po­li­­tikoak berdinak dira, baina jarrera aldatu dute, herriak ere aldatu egin duelako. Gure esku dago gure ordezkari politikoek zein bide hartzen duten».
Eskoziatik ere bada zer ikasi, Oiarbideren ustetan. «Eskoziak erakutsi digu era­bakitzeko eskubidea ez dela aldarrikapen abertzale bat, baizik eta demokrazia bateko eskubide bat».
Hori guztia barneratzeko, pausoak eman behar direla uste du Oiarbidek, «eta horretan ari gara».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!