Euskal Herriko alboka joleak elkartuko dira asteburu honetan Hernanin, beste urte batez. Izan ere, Albokarien Hernaniko XXII. Topaketa ospatuko da, ostiralean eta larunbatean.
Albokatropik taldearen kontzertua, hasteko
Astebukaerari hasiera emateko, kontzertua izango da ostiralean, arratsaldeko 19:30etan Biterin, doan.
Iparraldeko hirukote bat igoko da taula gainera: Albokatropik. Albokaz gain, instrumentu gehiago ere joko dituzte: trikitixa, tronpeta, gitarra, txirula eta panderoa, besteak beste. Festa giroa jarriko dute, erritmo tradizionalak eta sorkuntza garaikideak nahastuta.
Euskal Herri osoko albokariak, larunbatean
Egun haundia, berriz, larunbata izango da; Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparraldea eta Nafarroatik etorritako albokariak ibiliko baitira Hernanin barrena.
Goizeko 11:30etan elkartuko dira guztiak udaletxeko arkupetan, eta 12:00etatik aurrera kale bueltan ibiliko dira. Eguerdiko 13:00ean, berriz, Albokaldia egingo dute Tilosetan. Bertan, albokari guztiek taldeka emanalditxoak eskainiko dituzte, eta alboka egileen azoka ere ikusi ahal izango da. Eguraldi txarra egiten badu, Tilosetan egingo da dena.
Bazkaria, berriz, eguerdiko 14:30etan izango da, Santa Barbara elkartean. Azkenik, eguna eta Albokarien Topaketa bukatzeko, arratsaldeko 18:00etan beste kalebuelta bat emango dute musikari guztiek elkarrekin.