«Partehartze, informazio eta gardentasun ordenantzak jasotzen duena kontuan hartuz, eta irailaren 7an izandako Kirol eta Partehartze batzordean erabakitakoaren arabera, Udal Gobernuak alderdi politiko guztiak eta Astigarragako elkarte zein talde ezberdinak ordezkatzen dituen mahaia eratuko du», jakinarazi du Udal Gobernu Taldeak, prentsa oharrean.
Partehartze Mahai hori datorren ostiralean, hilak 25 egingo da, arratsaldeko 19:00etan, udaletxeko Pleno aretoan.
Herritarrei irekia
Era berean, azpimarratu du: «bilera irekia izango denez, nahi duten astigartar guztiak bertaratu ahal izango dira. Gobernu taldeak herritarren partehartze zabalena lortu nahi du, bai jarraipen mahai eta batzordeetan, eta, noski, deitzekoa den herri kontsultan. Bertan egingo den galderaz informazioa jasotzeko udaletxera ahalik eta jende gehien hurbil dadin aukeratu dira, hain zuzen ere, data zein ordua».
Helburua, kontsulta egitea
Honekin, Gobernu Taldeak bermatu nahi du erabakia herritarren esku egotea. «Astigarragako EAJ-PNVren gobernuaren helburu nagusia da herri kontsulta hau egitea. Kontsulta honek aukera emango baitie astigartarrei nahi duten hiri hondakinen bilketa erabakitzeko: atez atekoa edo edukiontziz egindakoa».