EGILEA: GAIZKA IZAGIRRE BROSA
63. edizioko kronika hau galdera batekin hasi nahiko nuke, Zer da Donostiako Zinemaldia? Zortzi egunetan soilik, urduritasuna, nekea, gozamena, pasioa, ilusioa, tristura eta barrea eskaini dezakeen sentimenduen irabiatu-kontzentratu zoragarri bat. Filmetan ikusten ditugun istorio horietaz haratago, Zinemaldia, zazpigarren artearekiko dugun maitasun desinteresatu horren testigu zuzena bilakatzen da urtero. Kafea bidelagun bereizezina alboan dugula, goizeko 01:00ean film txinatar bat ikustetik atera, hurrengo goizeko 08:00etan ilaran berriro, drama errusiar bat ikusteko prest. Euripean, errenka luze horietan urtero topatzen ditugun ilara-lagun horiekin konbertsazio luzeak edukitzea. Eta batez ere egunak joan egunak etorri, zinemazaletasun hori geroz eta handiagoa bilakatzea.
«Ofizialetik at panorama dezente aldatzen da. Istorio paregabeak aurkitu ditut, mezu sakonak zabaltzeko aitzakian eginikoak»
Baina, pantaila atzeko sentimenduek pantaila aurrekoei paso ematen dieten unean sortzen da bentako magia. Ikuslea, istorio guzti horien barruan murgiltzean alegia. Hainbeste kostatako hilera hori amaitu, besaulkian eseri eta argiak itzaltzen direnean. Begirada guztiak karratu erraldoi horretara zuzentzean. Egun bakarrean, Belodromo erraldoian 2000 lagunekin batera film italiar bat ikustetik, Trueba txikiko butaka more eroso horietan, Fiordoetan kokaturiko film islandiar bat ikustera. Auswitch -eko kontzentrazio-esparru baten barruko errausketa labe batean “lanean” dabilen tipo baten istorioarekin bihotza birrintzetik, komedia erromantiko independiente atsegin batez pasaz, Steve Mqueen-ekin auto lasterketa zirraragarri baten parte sentitzeraino.
Denetarik eta denentzat. Horrela definituko nuke aurtengoa. Baina amalgama zinematografiko horren barruan, gutxi batzuk aipatzea litzateke bidezkoena. Irabiatu honetan, ekoizpen batzuk distira indartsuago batekin mantendu direlako nire barnean. Hasteko sail ofiziala, enau bereziki emozionatu. Baina sail honek hori dauka, aurretik txukunenak diruditen lanek kale egiten dutela eta dantzara inork gonbidatzen ez zuen filmak jasotzen duela sari preziatua. Guztien artean nabarmentzekoak; High rise, akelarre apokaliptiko ero bat. Neoliberalismoa jaun eta jabe den gizartearen alegoria basatia. Truman, heriotzari eta laguntasunari buruzko istorio sinple baina eraginkor bat, sentimentaltasun errazean erori gabe. Amama, sinbolismo eta poesia bidez euskal baserri mundua ederki irudikatzen duen pelikula. Bakemono no ko, istorio politarekin, haurtzarora bidaia mentala egin ahal izan dut. Eta azkenik, Un dia perfecte per volar film txikiak, hunkitu eta maitemindu nauen arren, laburmetrai luzatu bat ikusi dudanaren sentsazioa izan dut.
Horiek sorpresa positiboenak, baina bazkalosteko siesta botatzeko aitzakia bihurtu diren filmak ere azaldu dira. Evolution ulertezina eta handinahiaz beteriko film frantsesarekin ala Sparrows, Fiordoetako paisaia ikusgarriekin. Baina guztien artetik, umorezko film inboluntario bat, Imanol Uriberen Lejos del mar. Urteko gidoi absurdo eta barregarria medio, ETAri buruzko film penagarrien antologian agertuko dena.
Ofizialetik at ordea panorama dezente aldatzen da. Istorio paregabeak aurkitu ahal izan ditudalako eta batez ere, mezu sakonak zabaltzeko aitzakiarekin eginikoak. Aurten Venezian argi ikusi den bezala adibidez, Hego Amerikan gauza interesgarri ugari dute kontatzeko. Horizontes latinos sailean, Pablo Larrainen El club ikaragarria izan liteke froga nabarmenena. Mina pantaila zeharkatzen sentitu dut. Etika erlijiosoaren
estolderiari buruzko kontakizun latz hau, merezimendu osoz, urteko film onenetarikoa bilakatu da. Perletan, aldiz,hau da, beste zinema jaialditan sarituriko filmak, Anomalisa zoragarriarekin, bakardadea, nortasuna eta beldurrari buruzko hausnarketa sakon bat egin ahal izan dut . Sicario-ren lehen minutuekin aulkiari itsatsia geratu naiz, izerditan, tentsioa tiro artean biziz. László Nemes hungariarrak, Son of Saul filmarekin, bigarren mundu gerrateari buruzko beste ikuspuntu klaustrofobiko eta bortitz bat sentitu ahal izan dut, urteko beste harribitxi horietako batekin. Eta azkenik, Zuzendari berriak sailean, film xume baina berezi bat deskubritu dut, Pikadero. Txalotzeko moduko debuta. Zalantzarik gabe, aurrerapauso txiki bat euskal zinemarentzat. Estilo klasiko horretatik at, barrera horiek hautsiz, istorio unibertsal bat kontatzeko.
Esan bezala, denetik eta denentzat. Emozioz eta sentimenduz beteriko errusiar mendi batean bidaia, gora eta behera, film bikainak batzuetan oso kaxkarrak bestetan. Baina inor epel utzi ez duen edizio ausarta eta desberdina. Diotenez, izar handien ekarpenean izan da aurtengoa eskasa, Donostia Saria eztabaidatu batekin eta Hollywood aldetik datozen izen ezagun gutxirekin batez ere. Egia esan, neurri batean behintzat, niri bost axola hau. Datorren urtean, 2016. Europako Kultur Hiriburuaren aitzakiarekin, zerbait berezia gordetzen ari direla diote, ikusiko dugu. Aurtengoan behintzat, egunean bost film ikustearen maratoi zinezale honi, agur esan beharko diogu.