Beste urte batez, eta badira zortzi dagoeneko, Euskal Jaia antolatu du Iskibi kanpinak. Datorren igandean izango da, irailaren 27an, eta egun osoko festa eginen dute, kanpinean bertan. Horrekin, modurik onenean agurtu nahi dute, kanpinaren aurtengo denboraldia.
Eguerdiko 12:00etan hasiko da jaia, eta ia iluntzera arte luzatuko da.
Herri kirolak, talo jatea eta toka txapelketa izanen dituzte, eta trikitilariek girotuko dute jaia.
Hasteko, herri kirolak
Herri kirolekin hasiko dute eguna, eta aizkolari eta trontzalariek eskainiko dute saioa, eguerdi partea girotzeko, bazkalordura bitartean.
Gero, janerako eta edanerako aukera zabala izanen dute, 14:00etan. Izan ere, talo jatea eginen dute, Goizuetako bertako talogileen eskutik: hirugiharra, txistorra, gazta eta txokolatezkoak izanen dira aukeran. Edateko, berriz, sagardoa zein ardoa. Eta kafea eta kopa nahi dituenak ere, izanen du aukera.
Arratsaldean, berriz, toka txapelketa jokatuko dute, abileziak erakusteko. 17:00etan izanen da hori.
Eta egun osoan zehar, trikitilariak ibiliko dira kanpinetik, giroa alaitzen.
Txartelak salgai, kanpinean eta Amaia kafetegian
Igandeko festarako txartelak salgai daude dagoeneko, Iskibi kanpinean bertan eta Amaia kafetegian. Helduenak 16 euroan erosi daitezke, eta haurrenak 6 euroan.