Europa ia osoa zeharkatu eta gero, gaur iritsiko da Euskal Herrira Emakumeen Mundu Martxa; eta ostegunean, herrian izango da, Hernanin. 2000 urtean hasi zuen ibilbidea Emakumeen Mundu Martxak, eta indar haundia izan du munduan zehar eta Euskal Herrian. Bost urtetik behin egiten den ekimena da: «izaera propioa hartzen du gure lurretan sartzen denean. Aurtengoak Gure gorputzak, gure territorioak lema izango du, eta gure borroka, aldarrikapena eta eskubideak plazaratuko ditu. Lau ardatzak izango dira: Sistemarteko indarkeria, Bizitzaren iraunkortasuna, Gorputzak eta sexualitateak eta Sarean lan egitea eta aniztasuna kudeatzea.
Hernaniarrak, gonbidatuta
Hernaniko Bilgune Feministak azaldu duenez, Hernanik ere aldarrikapen hazia eskaini nahi dio ostegunean, EMMri: «hernaniar guztiak gonbidatu nahi ditugu, 17:00etatik aurrera egingo diren ekimenetan parte hartzera».
Martxari harrera beroa egiteko asmoz, Plaza Berri eta Andrekalen hainbat gune jarriko dituztela azaldu dute: «umeentzako gunea, argazki erakusketa, munduko janariaren gunea... Musikak ere izango du tartea, herriko emakume musikari ezberdinak ariko dira kantuan».
Martxa iristean, merezitako ekitaldia egingo zaiola azaldu dute: «gure babes osoa azaldu nahi diogu, kalejira baten bidez. Arratsaldea morez girotu nahi dugu, Hernani feministen bilgune bihurtu, eta 17:30etan, EMM sartzen denean, denon artean ongi etorri koloretsu eta alaia eman nahi diogu. Izan ere, lelo orokorrak dioen bezala, Martxan jarraituko dugu, denok aske izan arte».
Lisboarako, izen ematea
Emakumeen Mundu Martxari bukaera potoloa eman nahi zaio Lisboan. Coimbratik barrena iritsiko da karabana Portugaleko hiriburura, urriaren 15ean, eta 17an bukatuko da festa. Herrialde guztietako kideak bildu nahi dituzte bertan, eta autobusak jarriko dira joateko. Urriaren 16an, iluntzean aterako dira Euskal Herritik, eta 18 iluntzerako bueltatu. Autobusa eta lotarako tokiaren prezioa 40 euro ingurukoa da. Izena eman nahi dutenek gaur dute azken eguna emakumeenmundumartxa.eus webgunen.