Txosten teknikoak eskatuko ditu Udalak eta bilera deituko du ondoren

Kronika - Erredakzioa 2015ko ira. 30a, 02:00

Hondakin bilketaren inguru­ko kontsulta lantzeko, parte­har­tze mahaia osatu da eta ostiralean izan zen lehenengo bilera. Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariak gertu­ra­tzeaz gain, herriko talde desberdinetako ordezkariak eta herritarrak bildu ziren. 
Ordubeteko bileraren oste­an, denen artean adostu zen aditu eta teknikariei gaiaren inguruko datuak eta txostenak eskatzea, bai atez ateko sistemari dagozkionak, bai edukiontzi bidezko sistemari dagozkionak. Udaleko inguru­men teknikariari eta kontu­hartzaileari eskatuko zaizkio txostenak eta baita San Markos eta Garbitaniari ere. Behin txosten horiek denak biltzean, Udaleko Bozeramaile Batzordetik pasako dira ordezkari politiko guztien arten onartuak izan daitezen. Ondoren, Udalak beste bilera ireki bat deituko du.

Partehartze mahaia zertarako?
Bilera hasieran, partehartze mahaiaren funtzioaz aritu ziren hizketan udal ordez­kariak eta herritarrak. Eraba­kitzeko ahalmena zeinek duen galdetu zuen herritar batek eta Nerea Zusberro Gobernu Taldeko bozera­maileak adierazi zuen politi­kariek erabakiko dutela. Bile­ra, «iritziak jasotzeko» zela gaineratu zuen. 
Horri erantzunez, Ione Ola­zi­regi EH Bilduko zinegotziak adierazi zuen prozesua luzea dela beraien iritziz eta lehenengo zehaztu behar dela partehartze mahaiak ze funtzio izango duen eta bilerak bi astero egitea komeni dela.
Zentzu berean hitz egin zuen herritar batek: «Aurreko batzordean erabaki zen partehartze mahai bat sortzea eta garantea izatea galdeketa egin arte. Prozesu guztia bertan eramango zela aurrera erabaki zen. Mahai honek esaten duzuena baino botere gehiago du. Goazen zehaztera nola egingo dugun lan, ze urrats emango ditugun. Informe tekniko bat eskatuko nuke eta herritar guztiak informatu ostean, galdeketa antolatu. Denok kontsentsuatuta».
Beste herritar batek adierazi zuen berak bazekiela zeintzuk zeuden atez atekoaren alde eta zeintzuk bosgarren kontenedorearen alde. Beraz, eztabaidak utzita, galdera egitea zela onena. «Txostenekin ere eztabaida sortuko da. Batzuk datu batzuk sinestuko dituzte eta beste batzuk besteak».
Beste batek, berriz, halaxe azaldu zuen: «Mahai honek izan behar du herritarrok eztabaidatzeko eta ez politi­koen arteko eztabaidarako. Ez dezagun atzera begiratu. Goazen denon artean aurrera egitera, etorkizuna eraikiz. Nik ez dakit zer nahi duten herritarrek eta zuek ere ez. Bai edo ez galdetzea zer da? Jakin behar da erantzun bakoitzaren atzean zer dagoen».
Eztabaida ere sortu zen bai udal ordezkarien, bai herritarren artean, errauste­gia­ren gaia eta atez atekoaren kontrako firmen gaia ateratzerakoan.
Azkenean, teknikoen txos­tenak eskatzea erabaki zen. Eta datuak zalantzan ez jar­tzeko, Bozeramaileen Batzor­detik pasako dira aurretik, denek onartu ditzaten.
Askok positibotzat jo zuten bileraren emaitza: «Urrats haundia eman dugu, goazen horrela». Eta beste batek: «Krixton aukera dugu. Ea dena ondo egitea lortzen dugun eta Astigarraga eredu izaten den». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!