«Kaleratzeen inguruan Udalak badu zeregina eta esku hartzea nahi dugu»

Kronika - Erredakzioa 2015ko ira. 26a, 02:00

Astearteko Plenoan eztabaida­tzeko mozio bat aurkeztu du Hernaniko Kaleratzeak Stop taldeak. Gipuzkoa eta Euskal Herri osoko kanpaina zabal bate­kin bat eginez sartu dute mozioa Hernaniko Udalean. «Mozioa onartu eta Hernani kaleratzerik gabeko herri izendatzea nahi dugu», azaldu dio Kronikari Kike Riaño taldeko kideak. 
Eta ez hori bakarrik. «Kale­ra­tzeak saihesteko udaletxeak bi­tar­tekari lanak egitea ere nahi dugu. Eta bitartekari lan hori eginez ezer lortuko ez balitz, kaltetuei etxe bizitza duin bat bermatzea», gaineratu du. Berai­en ustetan, Udalak finan­tza erakun­deekin harremane­tan egon behar du eta prebentzio lan bat ere egin behar du. «Ongin­tza­ren bidez egin beharko luke pre­ben­tzio lana. Herritarren beha­rrak zeintzuk diren aztertu eta plan bat martxan jarri. Pertsona bat edo zerbitzu bat zehaztu beharko litzateke gai edo arazo honetaz arduratzeko eta gu bezalako plataformekin lan egi­te­ko. Udalak datuak bildu eta aztertu behar ditu: ze behar dauden herrian, zer egin behar den, hau da, etxe gehiago, gu­txia­go, zenbat etxe huts dauden jakin, finantza erakundeen esku zenbat dauden,  etxe horiek alo­kairu sozialean jartzeko eskatu... Eta erakunderen bat prest ez ba­dago, udalak neurriak hartu di­tza­la: finantza erakunde ho­rre­kin lan gehiago ez egin eta hala­koak. 2014an Eusko Jaurla­ritzak onartutako legea betea­raz­tea ere nahi dugu Udalak, Etxebizitza Publikoen Parkeari dagokiona, hain zuzen, etxe­bizitza publi­koen inkilinoei dagokiona».

«Politika aktiboa nahi dugu»
Udalak esku hartu behar duela argi ikusten dute Kaleratzeak Stop taldetik: «Gaur egun, arazo sozial izugarria da hau. Jendea lanik gabe geratzen ari da eta baita etxe gabe ere. Eta kasu askotan, zorretan sartu dira. Ezin da onartu. Udaletxeak neurriak hartu behar ditu. Udalak ez ditu legeak egiten, baina badu zer egina. Ez dugu nahi kartela jartzea bakarrik edo hitzez onartzea. Gauzak egitea nahi dugu. Udal hauteskundeen aurretik, mahai inguru bat izan zen lau alkategairekin. Gai honen inguruan galdetuta, denek baietz esan zuten, prest zeudela beraien esku zegoena egiteko. Orain, politika aktiboa eskatzen dugu eta hitza bete dezatela», azaldu du Riañok. 
Mozioa onartzea espero dute eta lehenbailehen mar­txan jartzea, egoera honi kon­pon­bidea bilatzeko. «Gu gaine­an egongo gara behintzat», dio. Dekalogo bat ere atera zuen taldeak udara aurretik. 10ga­rren puntuak gai hau hartzen du kontuan. Hau da, etxega­betzerik gabeko herriak izatea. Alderdi politiko, sindikatu eta eragile askok sinatu dutela nabarmendu du Riañok.
Hernanin egon daitezkeen etxebizitza hutsen inguruan galdetuta, daturik ez dutela erantzun du: «Datuak eskatze­rakoan, finantza erakundeak Ley de protección de datos legean babesten dira, baina horri aurre egin behar zaio. Udalak lan hori egin behar du eta datuak lortu. Uste dugu etxe asko eta asko daudela hutsak Hernanin eta etxebitzia horiek alokairu sozialean jarrita egoe­rari erantzun egokia emango litzaiokeela». 

Kontzentrazioa egingo dute Plenoaren aurretik.

Kontzentrazioa, Plenoaren aurretik
Plenoa 19:00etan izango da eta aurrez, elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean. Herritar guztiei egiten diete deia mo­zioa­ri sostengua ematera azaltzeko. Hitzordua 18:30etan da.

Bilerak, ostegun arratsaldero
Kaleratzeak Stop taldeko kideak ostegunero biltzen dira Trans­pa­karren (19:00-21:00). Bilera irekiak egiten dituzte eta he­rritar guztientzat ateak zabalik dituztela gogorarazi dute. 
Taldea ondo ari dela fun­tzionatzen adierazi du Riañok. «Orain lan asko ari gara egiten Caja Ruralen kontuarekin, zoru klausulen kontuarekin. Askok ez dakite zer den zoru klausula eta zer firmatu duten». 
Udalak prebentzio lan hori egingo balu, horrelako kon­tuetan laguntzeko ere balioko lukeela gaineratu du: Hipoteka bat sina­tzerakoan zer hartu behar den kontuan, zer dagoen atzetik… 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!