«Argi dugu azken minutura arte borrokatu behar ditugula partiduak»

Kronika - Erredakzioa 2015ko ira. 26a, 02:00

Denboraldia hastera doan honetan, taldea zer moduz ikusten duten azaldu diote Kronikari Andrea Isasa eta Amaia Irastorza kapitainek eta Andoni Loran entre­na­tzaileak: «Aurredenboraldi ona egin dugu. Eta taldea motibazioarekin dago; beste urteetan baino gehiago». Zubipe ez edukitzeak min asko egin diela gaineratu du Loranek: «Asko eskertzen dugu beste zelaiak utzi izana, baina moldatu egin behar zara libre dauden ordutegie­tara, kotxean desplazatu… eta horrek asko eragin du». Hala ere, orain prest dute etxeko zelaia eta oso pozik dira. «Primeran geratu da. Hori bai, ea zenbat irauten duen uholderik izan gabe…». 
Gaur hasiko du denboral­dia Nesken Euskal Ligako taldeak. Gasteizko Neskak taldea izango dute aurkari, Zubipen. Arratsaldeko 15:30eta­tik aurrera jokatuko dute. Hernaniko neskak, bigarren urtez ariko dira maila honetan.

Blokea mantendu
Iazko taldea orokorrean man­tendu egin da eta hori naba­rituko dela uste dute denboral­di honetan. Lauk utzi dute eta iaz kadete eta jubenil mailetan ibilitako batzuk igo dira. «Behe­koak gainera oso politak datoz. Kalitatea dute eta esperientzia da lortu behar dutena. Talde gaztea gara, baina gogo asko dugu eta hori nabaritzen da». Gazteak izan arren, iazko esperientzia ere baliagarria egingo zaie: «Urte­bete egin dugu kategoria honetan eta ikusi dugu nola funtzionatzen duen.  Aurten kolpe gutxiago jasotzea espero dugu. Teknikoki askotan hobe­ak gara, baina beraien esperientziagatik edo malizia­gatik galtzen dugu».
Taldea oso gaztea da duda­rik gabe. Zaharrenak 22 urte ditu, gazteenak 15, eta gehie­nak 16-18 urte bitarte­koak dira. Gainerako taldee­tan berriz, askoz zaharragoak direla diote: «Amak eta guzti daude».
Ahalik eta azkarren salbatzea helburu
Denboraldiari begira, ahalik eta azkarren salbatzea lortu nahi dute, mailari eustea. «Iaz ere helburu bera jarri genuen, baina azkenean 3 jardunaldiren faltan salbatu ginen. Aurten lasaiago ibil­tzea espero dugu. Eta hortik aurrera, ahal bada, zerbait gehiago lortu».

«Hiru eremuetan oso jende ona dugu. Eta puntu potentea da, gogo haundia dugula»

Azken momentuan galdu
Taldearen hutsuneak edo ahulguneak indartzen ere saiatu dira. «Gure hutsunea izaten zen azken momen­tu­an galtzen genituela partidu­ak. Dominatzen hasten ginen eta irabazten askotan, baina gero lasaitu, eta aurkariak irabaz­ten hasten zirenean, etsi egiten genuen. Taldeak horri garrantzia eman dio eta jen­deak orain buruan du azken momentura arte borrokatu behar dugula; ez dugula aurrez galdutzat eman behar».
Indarguneak ere aipatu dituzte: «Hiru eremuetan oso jende ona dugu. Atzean segur­tasuna ematen dute, bai atezainek bai defentsek, erdian teknikoki oso onak dira eta goran denetarik dugu: jende azkarra, gola daukana, ondo moldatzen dena baloiarekin… Eta puntu potentea da, gogo haundia dugula».

Partidu zaila eta ikusgarria, gaurkoa
Gasteiztarren aurkako parti­dua zaila izango dela aurre­ratu dute: «Laugarren bukatu zuten iaz eta partidu exijen­tea izango da. Baina Zubipera bueltatu gara eta mina egingo dugula argi dugu. Iaz beraien aurka jokatu genuen etxeko partidua 3-0 irabazi genuen. Oso partidu polita izango da jokatzeko, eta ikusteko».

Herritarrei deia Zubipera jaisteko
Herritarrei dei egiten diete partidua ikustera jaisteko: «Oso polita da herriko jen­dearen babesa izatea. Asko nabaritzen da. Gainera, lehe­nen­go partidua izango da eta ondo hasi behar dugu. Probatu dezatela behintzat zer den nesken partidu bat ikustea. Permanentzia joko­an genue­nean, grada bete zen. Hori nahi dugu beti. Izan ere, beti dago zerbait jokoan. Partiduro, denboraldia dago jokoan».

Berdintasunaren aldeko komisioa
Zuzendaritza aldatzearekin batera, hainbat aldaketa ere egin direla nabarmendu dute, berdintasunaren alde. «Des­ber­dintasun haundiak zeudela ikusten genuen bi talde nagusien artean eta zuzenda­ritza berriari aldaketa batzuk egiteko proposatu genion. Ber­dintasunaren aldeko komi­sioa sortu da eta pauso batzuk eman dira», diote Isasak eta Irastorzak. Eta Loranek berriz: «Ez dira konturatzen zer egin duten. Sekulako lana egiten ari dira eta krixtona lortu dute».

Orain, nesken partiduak aurretik
Aldaketa horietako bat, nes­ken partiduak mutilenen aurre­tik jartzea izan da. Orain arte, Ohorezko Erregionalen partidua 16:00etan izaten zen eta 18:30etan neskena. Den­bo­raldi hone­tan, neskek 15:30e­tan jokatuko dute eta 18:00e­tan mutilek. «Zaletuek nesken partidua ere ikustea lortu nahi da eta sarrera bat ere jarriko da bi partiduak ikusteko aukera emango due­na. Ez dakigu helburua lortuko den, baina klubak saiakera egitea behintzat oso positiboa da». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!