Udara bukatu da, eta bada garaia urtaro berriari ongi etorria egiteko. Eta horretarako, zer hobea, festa giroa baino? Hain zuzen, Iskibi kanpinean Euskal Jaiak eginen dira bihar. Aurtengoa, 8garren edizioa izanen da. Berriro ere, udara eta kanpineko denboraldia agurtzeko antolatu du Iskibik biharko eguna.
Iskibi kanpineko Euskal Jaien 8garren edizioa izanen da aurtengoa.
Herri kirolen erakustaldia, eguerdi partean
Festarekin hasteko, herri kirolak izanen dira eguerdian. Aizkolariak eta trontzalariak ariko dira lanean, eguerdiko 12:00etan hasita, bazkalordura arteko tartean.
Talo-jatea, kopa eta guzti
Tripa ederki betetzeko aukerarik ere ez da faltako biharkoan. Eguerdiko 14:00etan talo jatea eginen da, Goizuetako talogileen eskutik.
Taloarekin batera, hirugiharra, txistorra, gazta eta txokolatea izanen dira aukeran. Beraz, talo gazi eta gozoak dastatzeko parada izanen dute gerturatzen diren guztiek.
Jakiari zintzurrean behera jaisten laguntzeko, berriz, edaririk ere ez da faltako. Sagardoa eta ardoa izanen dira, eta postrea gozo-gozo bukatzeko; kafea eta kopa ere bai, nahi duenarentzako.
Trikitilariak egun osoan ariko dira, musika alaiarekin giroa jartzen.
Arratsaldean, toka txapelketa
Bazkalondorenean toka txapelketa eginen da, arratsaldeko 17:00etan hasita. Abilenak ere nahiko lan izanen du, talo jatearekin bapo geratuz gero!
Giroa, egun osoan zehar
Batean ala bestean parte hartu, animatzeko deia luzatu dute Iskibi kanpinetik. Gainera, giro polita izanen dela ziurtatu dute. Horretarako, trikitilariak ariko dira egun osoan zehar, inguruak musikarekin alaitzeko.
Txartelak salgai
Talo jaterako txartelak erosi behar dira. Iskibi kanpinean bertan, edota Amaia kafetegian daude salgai. Helduek 16 euro ordaindu beharko dituzte; haurrek, berriz, 6 euro.