Lehengo asteko asteazkenean hasi, eta aste honetako asteazkenera arte, udazkeneko tenporak begiratzeko aukera izan da. Pello Zabalak, dagoeneko, egin du bere irakurketa Euskadi Irratian, eta «udazken sanoa, tokatzen zaiona bezalakoa» egingo duela azaldu du. Asteazkenean sartu ginen udazkenean, eta badirudi, denetik egingo duela, abenduan negua iristen den arte.
Denetik espero da udazkenerako: eguraldi epela, haizea, eta tarteka, euria.
Haizea, eguraldi lehor eta eguzkitsua, eta euria
Lehengo asteko asteazkenetik aste honetako asteazkenera bitarte egin duen eguraldia begiratu du Pello Zabalak, udazkena nolakoa datorren jakiteko.
Lehengo astean hego-mendebaldeko haizea zakar ibili zen, eta, beraz, udazken honetan egun haizetsuak ere tokatuko dira. Udaran ez du apenas egin, eta garaia bazela aitortu du Zabalak.
Pasa den asteburuan, berriz, eguraldi polita egin zuen. Zerua garbi, eguzkia nagusi, eta tenperatura epela eta atsegina. Beraz, udazkenean eguraldi atsegina egingo duela ere esan daiteke.
Azkenik, aste honetan ilundu eta freskatzera egin du, eta euri kontuak ere iritsi dira, oso fuerte ez bada ere. Udazken giroa datorrela, alegia!