Ikasturte berriaren hasiera «oso berezia» izan dela nabarmendu du Astigarragako EH Bilduk, «aurreko Udal Gobernuak herriko azpiegitura eta zerbitzu estrategikoen alde egindako lanari esker».
Horrela, Herri Eskolaren haunditzea nabarmendu du, alde batetik: «EH Bilduren botoekin bakarrik aurrera atera zen haundipenaren lehiaketa, eta lanak esleitu ziren. Orain, eskolak sei ikasgela berri ditu, geroz eta haundiagoa den ikasle kopuruari lekua eskaintzeko. Horrez gain, ikasle eta irakasleentzako espazio egokiak sortzeko ahalegina ere egin da berrikuntza lan hauetan, eskolari behar zituen eremuak emanez».
Jangelan ere, aldaketak
Jangelan ere, epe laburrera aldaketak izango direla aurreratu du: «kiroldegitik eskolaren eraikin berrira pasako da, eta jangela prest dagoenean, eskolako haur guztiek eskolaren eremutik atera behar izan gabe bazkaldu ahal izango dute. EAJren Hezkuntza Sailaren laguntza ez zen neurrikoa izan, ordea. Haunditzearen arduradun bakarra behar zuen, baina Udalak %40a jarri behar izan du proiektua aurrera atera ahal izateko».
«Haurreskolako lokal berriko lanen abiadura ikusita, badirudi azaro aldean emango zaiola irtenbidea, itxaron zerrenden arazoari».
«Herriko aurreneko gune zabal estalia lortu dugu»
Jolastokiko aterpea ere aipatu du EH Bilduk: «aurreneko fasea iaz amaituta, aterpea zabaldu da, herritarrei eginiko galdeketan gehiengoak hala erabakita. Horrela, jolastokiaren sarrera eta jolas gunea estali, eta euri eta haizeteetatik babestu da. Horrekin, herrian dugun aurreneko gune zabal estalia lortu dugu, eskola orduetan zein eskolaz kanpoko orduetan erabilgarri izango dena».
Haurreskolako itxaron zerrenden arazoa ere, konpontzeko bidean dela azaldu du EH Bilduk: «aurreko Udal Gobernuak lokal berri bat alokatu, obra proiektua idatzi eta lanen lehiaketa egin zuen. Irailerako prest egon ez arren, lanen abiadura ikusita, badirudi azaro aldean martxan izango dela, itxaron zerrendei behin-behineko irtenbidea emango dien Haurreskolaren haunditzea».
Kiroldegiko berrikuntzen lehen fasea, bukatzear
EH Bilduk jakinarazi du, amaitzear direla kiroldegiko lanak ere, «nahiz eta nahi baino astiroago joan. Bigarren fasea, dena den, badirudi geldiarazita dagoela. Eskaera egin dugu proiektuaren idazteari ekiteko, baina dagoen proposamen bakarra, aurreko legealdikoa da, eta beste bi eskatu behar dira. Zeren zain dago Udal Gobernua?».
EH Bilduk aurreratu du, lanean jarraituko duela ikasturte berrian, «herritarrek erabaki eta beharrezko hobekuntzak egiteko, azpiegitura nagusiak bultzatu eta herritarrei funtsezko kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko. Oposiziotik bada ere, ildo berean ariko gara ekinean, eta Udal Gobernuaren jarduna herritarrak ipar dituen norabidetik alda ez dadin egingo dugu lan».