Sagardoaren bidean barrena gaur, eta aurreneko muztioa dastatzeko zita bihar

Kronika - Erredakzioa 2015ko ira. 26a, 02:00

Bihar zanpatuko dute aurrenekoz, 2015 urteko sagar uzta, eta bihar bertan izango da aukera, uzta berriko aurreneko muztioa dastatzeko. Sagar Uzta festaren barruan egingo da, ja­iaren hamabosgarren edizi­o­an, eta goizeko 11:00etan izango da hori. Baina horren aurretik, eta gaur bertan, hamaika ekintza prestatu dituzte, sagarraren festa borobila izan dadin.
Sagardoaren Bidean barrena ibiliko dira gaur, familia giroan zein lehian. Goizeko 09:30etan abiatuko dira oinez, Josu Osarekin batera, familian mendi buelta egin eta sagar mota ezberdinak ezagu­tu eta dastatzeko, Artola baserrian. Gero, Kaxkarre landetxean egingo dute hamaiketakoa.

Errelebo proba, sagardotegiek
Eta inguru berdinetan, bizikletan zein korrika ibiliko dira gero, Sagardobide Erronkako parte hartzaileak. Bigarren edizioa izango da, eta 11 sagardotegi lehiatuko dira, lau kideko errelebo proban: Alorrenea, Astarbe, Bereziartua, Gurutzeta, Ipintza, Kaxkarre, Lizeaga, Petri­tegi, Rezola, Zapiain eta Zelaia. Foru plazatik abiatuko dira 11:00etan. Aurrena, mutilak bizikletan, gero neskak korrika, segidan neskak bizikletan, eta bukatzeko mutilak korrika. Foru plazan bertan izango da buelta bakoitzaren helmuga ere.

11 sagardotegi ariko dira lehian gaur, lau kideko errelebo proban, Foru plazan hasi eta bukatuta.

Dastaketa eta erakustaldiak bihar, sagarraren azokan
Bihar izango da egun nagusia, eta Sagarraren Jaia ospatuko dute Foru plazan, goiz osoan zehar. Dianarekin emango dio­te hasiera herriko txistulariek, eta bi lehiaketa egingo dituzte segidan: sagarrekin egindako postreena (frontoian entregatuta), eta ar­gaz­ki rally digitala. Ondoren, mota guztietako erakustaldiak eta produktuen dastaketak izango dira, Foru plazan jarriko dituzten azokan eta Museo Enogastronomikoa­ren gunean: Idiazabal gaztaren dastaketa, txokolate tailerra, sagarren erakusketa eta dastaketa, saski, txertaketa eta abarren erakustaldiak, herriko baserritarren produktuen salmenta... Sagar dantza eta kirikoketa ere egingo dituzte.

Urteko lehen muztioa, plazan bertan egina
Goizeko 11:00etan hasiko dira sagarrak bildu, zanpatu eta urteko lehen muztioa egiten. 13:00etan probatuko dute, txalapartaren hotsen artean.
Gero, sagargintza probak ere egingo dituzte, animatzen diren gaztetxoen artean.

Bihar 11:00etan egingo dute urteko aurreneko muztioa, eta 13:00etan izango da probatzeko aukera.

2015eko sagarren loraldia, orokorrean berandu
Sagasti ezberdinetan, kontrola egin dute irailean, Fruitelek eta Sagardoetxeak, eta nabarmendu dute, orokorrean berandu etorri dela loraldia, baina iaz baino lehenago. Bost sagar ba­rietate, bereziki, bi aste aurreratu dira: Patzolua, Aritza, Mozolua eta Gezamina. Azaldu dutenez, ekoizpen ona dago sagasti gehienetan. Kasu batzuetan, gehiegi ere bai, eta ondorioz, adar asko ari dira hausten.

 

XV. SAGAR UZTA  EGITARAUA

GAUR, irailak 26
09:30, Sagar motak ezagutuz, Santiagomendiko Sagardo Bidean zehar mendi buelta familian.
11:00, II. Sagardobide Erronka, sagardotegien arteko errelebo proba, Santiagomendin zehar. 11 sagardotegi ariko dira, lau kideko taldeetan: bi bizikletan, eta beste bi korrika.

BIHAR, irailak 27
Sagarraren Jaia, Foru Plazan
09:30, Musika Eskolako txistu ikasleen eta Txirrixkla txistulari taldearen diana.
10:30-12:00, Sagarrekin egindako postreak entregatzea frontoian.**
10:30-12:00, VIII. Sagar Uzta Argazki Rally Digitalean izenemateak, frontoian.**
11:00-13:00, Gazta dastaketa gida­tua. Izenematea: 943 55 05 75 edo info@sagardoarenlurraldea.com.
11:00-13:30, Haurrentzako tailerrak eta jolasak.
11:00-14:00, Sagarraren azoka:
    -Sagarren erakusketa, dastaketa eta salmenta.
    -Sagardo dastaketa.
    -Saski, txertaketa eta abarren erakustaldiak.
    -Herriko baserritarren produktuen salmenta.
    -Trikitilariak herrian zehar.
11:00, 2015 uztako lehen muztioaren elaborazioa. Sagar biltzea, jotzea eta zanpatzea.
12:30, Sagar dantza eta kirikoketa.
13:00, Txalaparta eta urteko lehen muztioaren dastaketa.
13:30, Gazteen arteko sagargintza proba.
14:00, Sari banaketa.

**Oinarriak eta oharrak: www.sagar­doarenlurraldea.com/sagaruzta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!