Azkenean, ireki da Tabakalera! Nolakoa izan da prozesua?
Luzea izan da, eta gogo haundiz ireki dugu. Orain, dependentzia moduko bat da. Behin irekita, ikusi nahi duzu nola konpontzen den jendea, espazioa, nola hartzen den... Azkenean, prozesuak luzeak direnean, ematen du ez direla inoiz iritsiko, eta azkenean, ematen du azkarregi pasa dela! Ekipo bezala ere, ikusten ari gara nola egokitzen garen eraikinera, proiektura eta dimentsio berrira. Saltoa oso haundia izan da. Garrantzitsua da nola aurkezten dugun gure burua, zein eduki jartzen ditugun martxan.
Sorkuntzari bultzada eman nahi diozue. Edozein herritarri irekitako sorkuntza espazioa da, ala artistei zuzendutakoa?
Hiritar orori bideratua dagoena, sorkuntza liburutegia da; hori da abiapuntu. Baina gu sorkuntza baliabideez ari garenean, produkzio edo sormen espazio bezala, artista profesionalei dago bideratua, beraien profesionalizazioan lagunduko dien baliabide bat.
Elkarlana duzue beste zutabe bat; 2016 Kultura Hiriburuarekin, besteak beste. Zer dago martxan?
Hirikilabs bi erakundeen arteko proiektua da; datorren urtera begira, erakusketa bat eta jarduera paraleloak egingo ditugu elkarrekin. Ikusmira Berriak izeneko egonaldi proiektua, datorren astean hasiko dena, 2016 eta Zinemaldiarekin batera bultzatu dugu. Gero, komisariotzaren inguruan programa bat izango dugu, eta ikus-entzunekoaren inguruan, beste proiekturen bat. Esango nuke elkarlana nahiko gertukoa dela, eta azkenean hainbat proiektutan gauzatuko dela. Batzuk ikusezinagoak dira: dokumentazioa, adibidez. Beste batzuk programen inguruan egiten dira. Udazken aldera, adibidez, Pagadi izeneko proiektua aurkeztuko da. Badaude hainbat gauza. Urriaren 30ean aurkeztuko dute programa guztia.
Ingurukoa, bertakoa; lokala. Baina badago aukerarik, adibidez, Hernani aldera zabaltzeko?
Lokaletik abiatuta esaten dugunean, da ezagutzea erakundea ze testuingurutan dagoen txertatua. Ez da berdina Donostian, Egian, egon, edo Errioxan edo Lyonen egotea. Desberdina da. Alde batetik, ezagutza edo testuinguru hori erabili nahi dugulako proiektua garatzeko, ze nolabait, gure elikagaia izango da. Baina, bestalde, bertako sortzaileentzako erreferente bilakatu behar du, lanerako espazioa izan. Baina hori ez dugu nahastu behar lokalismo batekin. Azken finean, nazioarteko zentro bat da, eta gure diskurtsoa hor kokatzen da. Egin behar duguna da, jabetu non gauden kokatuak, eta norantz eta zeinentzako ari garen hitz egiten, proiektu horretan. Hernaniri dagokionez, badaukagu proiektu bat han, ez du zerikusirik ni hangoa izatearekin! Komanditario Berriak, Andre Kale inguruko proiektu oso polita. Udazkenean bukatzea espero dugu, abendu aldera aurkeztu ahal izateko.
«Kortxoenea bezalako iniziatibek existitu behar dute, baina momentu hura ez zen juizio bat egiteko momentua»
Irekiera ekitaldiaren testuinguruan, ordea, Pottors eta Klitors taldeak Kortxoenearen alde egindako aldarrikapena ez zen ulertu...
Uste dut ez dela ondo ulertu. Anekdotan gelditu da. Guk nolabait irekiera aurreko akto edo jarduera bezala, zarata pixka batekin hasi nahi genuen. Gainera, emakume talde batekin. Gonbidatu genituen, eta, azkenean, beraiek beraien kabuz, ekintza bat egitea erabaki zuten. Ez zegoen aurreikusia, ez zen denborarik izan erreakziorako, eta anekdota hutsa da. Azken finean, Kortxoenea bezalako iniziatibek existitu behar dute, baina momentu hura ez zen juizio bat egiteko momentua. Kontzertu bat besterik izango ez zena, momentu horretan zerbait gehiago izan zen. Horregatik gaizki ulertu bat izan zen, edo erreakzio erreflexu falta, edo ez dakit. Baina anekdota hutsa. Gero, uste dut gauzak argitzen saiatu garela.
Nazioartekotze lan horretan, interesa sortu du Tabakaleraren irekierak?
Interesa badago. Dagoeneko lanean ari gara Pariseko erakunde batekin, erresidentziak egiteko garaian trukaketak egingo dira eta sare batzuetan sartuta gaude. Bat Café Europa da; Hirikilabsen bidez gaude hor. Gainera, taldekide guztiek dauzkagu Europa mailan kontaktuak, ezagutzen gara... Garrantzitsua da, baita ere, Donostian egonda, Bordeletik ere proiektuaren ezagutza badutela, eta zain zeuden guk ireki eta espazioa ezagutzeko, artistek hemen erresidentziak eskatzeko... Erakundeak erreferente bilakatu behar du, baina eginez. Horrek ere bere denbora darama, eta hasi gara lanean nazioartean. Gonbidatuak ekartzen ditugu, hainbat nazioarteko zine festibalekin ere harremanetan gaude. Nazioarteko hori egunerokotasunak ematen dizu, nola planteatzen duzun zuk zure programa, bertakoa bertakoentzat eta bertakoekin bakarrik bada, ez, baina elementuak eta osagaiak nahasten badituzu, bertakoak baina kanpokoak, jendea nahastu eta dialogo horiek erraztu. Hor dago gure papera. Horregatik garrantzitsuak dira nazioarteko erresidentziak. Erresidentzia bat egitera dator norbait hilabetez proiektu bat garatzeko, baina aldi berean eramango dugu artisten estudioak ikustera edo erakunde desberdinak bisitatzera, beraz, inkorporatzen duzu bertako ezagutza nazioarteko pertsona batengan, eta berak hara eramango du eta ezagutza batekin landuko du guk proposatutako erakusketa bat. Pixkanakako zerbait da, baina hori da nazioartekotzea.
Herritar asko kuxkuxean gerturatu da. Zer aurkituko du? Nola hartu dezake parte?
Erabaki genuen pixkanaka irekitzea. Eraikina edo amankomuneko espazio horiek ireki eta transitableak egitea, jendeak bisitatu ahal izateko, eta programazioarekin hasteko: erakusketa, zinema, Hirikilabs... Eta hemendik urte bukaera bitartean, espazio edo programazio desberdinak aktibatzen hasiko dira. Orain, jendea batez ere espazioa ikustera dator. Baina erakusketara ere bai. Interesa badago etortzekoa, bisitatzekoa. Oso polita izan zen irekierako astebukaera; jakinda ezohiko situazioa izango zela, jendeak nola parte hartu zuen garatutako programazio batean. Artea nola hurbildu daitekeen erakutsi genuela uste dut, eta jendeak ondo pasatu zuela. Hori gaindituta, orain, Zinemaldia bukatzean, gure zinema programazioarekin hasiko gara, arkitektura inguruan daukagun programazioarekin ere bai, sortzaileak iritsiko dira espazioak erabiltzera... Webgunean, hemengo informazio puntuan edo kultur etxeetan ikusi daiteke zein den programazioa.
Jendearengana gerturatzeko lan horretan, 'garaikideak' beldurra sortzen du oraindik?
Nik baietz uste dut, eta beti esan izan dut, nolabait, konplexu edo beldur horiek gainetik kendu behar ditugula, eta kuriosoak izan behar garela. Uste dut jendea kuriosoa izan dela, eta izaten ari dela. Eta hor nik badakit erakundeak badaukala lan bat egitekoa, arte garaikide hori nolabait hurbiltzeko. Baina uste dut jarrera ona izan behar dela, eta momentuz, oso ona izaten ari dela. Azken finean, interesa daukan jendearentzako eta jende interesatuentzako da leku hau. Interesa daukana gaurkotasunean, zineman, jakinmina duena gauzen inguruan. Gauza berriak ikustea, ikastea eta egitea gustatzen zaion hiritar orori irekita dago. Azkenean Tabakalerak erabilpen desberdinak dauzka. Kafe soil bat hartzen duenak zinema dagoela ikusiko du, eta agian, hurrengoan programazioa ikusi eta zinera joango da. Uste dut espazioak hori errazten duela. Artea gustatzen bazaizu etorriko zara erakusketara, baina artezalea ez bazara, sikiera espazioa ikustera etor zaitezke, Eta hortik, erabiltzaile aktibo izateko bide asko daude Tabakalera bezalako espazio batean; hori abantaila da guretzako.
Orain ikus-entzuneko baten erakusketa dago jarria. Baina beste diziplinak ere landuko dituzue, ezta?
Hau ez da soilik ikusentzunekoa. Abiatzen da ikusentzunekoen gogoeta batetik, baina argazkiak, instalazioak, pelikulak, performance txiki bat... ikusi daitezke. Multidiziplinarra da, baina, beti ere, ikusentzunekoen inguruan gogoeta bat jorratuz. Gure proposamenak ez dira diziplinarrak izango, gehiago izango dira gaien inguruan edo testuinguru jakin baten inguruan. Gaur egun, artista batek noski bere diziplina landu duela, baina ez du esaten ni pintorea naiz edo argazkilaria naiz. Espresatzeko modu anitzak daude, eta azkenean, guri axola zaiguna da atzetik dagoen gogoeta hori edo lanaren espresioa, ez hainbeste diziplina.
«Haurrak dira hartzaile perfektuak: ez dute aurreiritzirik, ez inolako disposiziorik irudi edo soinu desberdinetara. Naturaltasun haundiagoarekin hartzen dituzte gauzak»
Eskoletatik deiak ere jaso dituzue. Nahikoa lantzen dira artea eta sorkuntza?
Lanketa haundi bat dago egiteko hezkuntza arloan. Hezkuntza sistematik abiatuta, horrelako gauzak txertatzen badira, denborarekin, begirada hori ere desberdina izango da. Askotan esaten dugu haurrak direla hartzaile perfektuak: ez dute aurreiritzirik, ez inolako disposiziorik irudi edo soinu desberdinetara. Naturaltasun haundiagoarekin hartzen dituzte gauzak. Gero, hezkuntza edo eskola sisteman sartzean, gustuak eta jakintasuna gehiago modelatzen dira. Normaltasun bezala aurkezten denak, beste gauza batzuk arrotz egiten dizkigu. Arrotz hori normaltasunez txertatuko bagenu, gerora begira, artea eta sorkuntza garaikidearen inguruan beste ikuspuntu normalago bat izango genuke. Baina pixkanaka. Eskola sisteman badaude arteari bideratutako gauzak, artisautzari edo gauzak egiteari, eta uste dut hori bultzatzen dela, baina falta da beste nolabaiteko esperientzia batzuk txertatzea, artistekin lan egitea zuzenean...
Tabakalera gertu edukitzeak animatu dezake jendea artera jotzen, lanbidez?
Arte mundua zaila da, baina Tabakalera bezalako espazio bat edukita, ikusi daiteke arteak bide asko dauzkala. Sartu zaitezke kudeaketan, komunikazioan... Artea ez da bakarrik artista izatea; arte sistema sustengatzeko figura asko behar dira, eta Tabakalera bezalako espazio bat edukita ikusiko da horrelako espazio bat sustengatzeko nolako artikulazio ezberdinak behar diren. Egia esan, ez neukan buruan, baina izan daiteke; Tabakalera bezalako zentro bat edukitzeak erakutsi dezake artean ere badagoela nondik abiatu eta non egin zure lana.
Eraikinera bueltatuz, oso haundia da eta oraindik nahiko hutsa ikusten da...
Eraikinak dauzka 37.000 metro2. Horietatik ez dakit zenbat diren transito espazioak. Pixkanaka mobiliarioa eta abar jarriko dugu. Bertan egongo dira, noizbehinka, tailerrak eta abar. Itxita dauden nabe guztiek daukate okupazio bat bideratua. Lehen aipatu bezala, udazkenean irekiko dira, pixkanaka, espazio horiek. Filmategiak dagoeneko hemen dauzka bulegoak, Kutxa ere instalatu da, datorren astetik aurrera ikasgelak hasiko dira... Pixkanaka joango gara guztia gorpuzten. Guretzako garrantzitsua zen, nahiz eta dena irekia ez egon, aktibatzen hastea, ze dena batera martxan jartzea erokeria zen.
Beste erakunde batzuekin 'ekosistema kulturala' osatzen duzue. Laguntzen du elkartuta egoteak?
Bertan dauden erakunde desberdin ia guztiekin daukagu jada abian proiekturen bat. Zinemaldiarekin eta Filmategiarekin oso estu gabiltza lanean. Filmategiarekin zinema aretoa programatuko dugu. Zinemaldiarekin badauzkagu proiektu pare bat martxan. Egia da eraikin berean egoteak ematen digula aukera gertuagotik lan egiteko eta proiektuak bideratzeko. Lehen helburua da denak iristea, irekitzea eta asentatzea, eta bigarrena, nola ematen diogun bizitza denon artean ekosistema horri; 2016ra begira gauzak denen artean gehiago afinatzea.
Nola animatuko zenuke jendea etortzera? Ez dezala urruti ikusi Tabakalera.
Esperimentazioan sartu gabe ere, hurbildu daitekeela esanez. Eraikina ikusgarria da espazio bezala, ze argi dagoen... Eta hortik aurrera, gure programan parte hartzeko ilusioa pizten badio, are hobeto. Baina ez dagoela ezertara konprometitua. Bertara etorri, kafe bat hartu, Prismara igo bistak ikustera, eta espero dut hortik aurrera zinema aretora etortzea, erakusketatik pasatzea... Eraikinera sartzea doan da! Arratsalde pasa ederra!
Zer dago Tabakaleran?
Bi bokazio dituzten lau arlo banatzen dira. Bokazioetako bat da, sorkuntza gune bezala funtziona dezala; bestea, programazio espazioa izan dadila. «Azken finean, sorkuntza espazio bezala funtzionatzean, aktibitatea nahiko ikusezina da; atzean egiten duzu lan, sortzaileei laguntzen, produkzioak egiten. Ikusten dena da programazio publiko hori».
- Praktika artistiko garaikideak. «Bertan sartzen dugu ikus-entzunekoa, beste diziplina bat bezala. Hemen, asko indartu nahi dugu espazioa, sorkuntza moduan, artistei eskainiz baliabideak, egonaldiak, laguntza. Bestalde, programazio publikoa egongo da: erakusketak, zinema, mintegiak...».
- Hirikilabs. «Teknologia eta kultura digitalaren eremua, laborategia. Baliabideak dira, esate baterako, dauzkagun makinak, behar ditugun hainbat altzari bertan egin baititugu. Bestalde, programazioari dagokionez, lantzen dugu teknologia, nolabait, erabilpen sozial batera hurbiltzea. Erakustea, nola kultura digitalarekin zerikusia daukaten erreminta hauekin gauzak egin daitezkeen».
- Sorkuntza liburutegia. «Liburutegiek, oraintxe bertan, beraien zerbitzuak birpentsatu egin behar dituzte. Sorkuntza gune batean egonda, sorkuntzara bideratutako guneak izango ditugula erabaki dugu. Funtsa, kultura garaikidean dago oinarrituta, eta ondoren, sorkuntzara bideratutako lan txokoak egin ditugu: bideo jokoei, teknologiari, ikus-entzunekoei eta soinura. Liburutegi normal batean ordenagailu bat erreserbatzen duzun moduan, sorkuntza liburutegi honetan, adibidez, plato txiki bat erreserbatu dezakezu, bi orduz, ikasteko nola manejatzen diren kamarak, eta laguntza izango duzu».
- Hezkuntza proiektua. «Ezinbestean, Tabakaleran garatzen diren edukiak hurbiltzen lagunduko duena. Ezinbestekoa da erakusketarekin bat, jarraipen hori edukitzea, bisita gidatuekin, eta baita tailer bereziekin ere, hurbilpen berezi bat edukitzeko eduki desberdinetara. Eta ezinbestean, hezkuntza arlotik proiektuak bideratuko dira elkarte desberdinekin».