Esteladek apainduko dute Plaza Berrik eta Urbieta Kaleak bat egiten duten plazatxoa; butifarra eta pantumaca izango dira jateko; cava edateko; brindisa eta musika ez dira faltako... Hernaniko Gure Esku Dagok Kataluniak igandean biziko duen egun haundia ospatu nahi du, eta festa antolatu dute gaur: «kataluniarrek erabakitzeko eskubidea izango dute igandean, eta hori ekarri nahi dugu herrira, ospatu eta gogorarazi, Euskal Herriak ere, antzeko egoera batean egon nahiko lukeela». Hernaniar guztiak gonbidatu dituzte, 19:00etatik 20:00etara.
Eva Domenech eta Jun Sanchez
«Gehiengoa botoetan behar dugu, eserlekuetan bakarrik ez»
Hernanin bizi diren bi kataluniar dira Eva Domenech eta Jun Sanchez. Igandean hauteskunde eguna dute sorterrian, eta eguna nola bizi eta ikusten duten kontatu diote Kronikari.
Bi egun besterik ez dira falta iganderako. Nola bizi dituzue aurreko egun hauek?
Eva Domenech: Ilusioz beteta. Egunero jarraitzen ditut azken berriak internetez; pendiente nago gertatzen den guztiaz, izaten ari den prozesuaz. Dirudienez, ondo dijoaz gauzak, eta esperantza eta ilusioarekin bizi dut. Konbentzituta nago irabaztea posible dela.
Jun Sanchez: Diadan ikusi zenarekin irabazi dugula esan daiteke; 2 milioi pertsonetaz hitz egiten da, eta hori jendetza da. Aurten pausu bat gehiago eman da. Nire ustez esaldi honek ondo definitzen du momentua: «hau ez da mugimendu politiko bat, herri mugimendu bat baizik». Urduri nagoela aitortu beharra dut, Aldebakarreko adierazpen bat egiteko, botoetan behar dugu gehiengoa, eserlekuetan bakarrik ez.
Eta zein emaitza espero duzue?
Eva Domenech: Baiezkoa espero dut, eta nahiko nuke botoetan ere, gehiengoa izango bagenu. Hor dago gauza, larri-larri.
Jun Sanchez: Gakoetako bat izango da, Ciudadanos eta PPk zenbat jende mobilizatzen duten.
Eva Domenech: Konfiantza izan behar dugu. Azken urteetan eman diren pausu guztiak izan dira erronkak, eta oraingo honetan beste bat dugu, irabaztea. Etengabe aurrera dijoan prozesu bat izan da, eta orain botoen zain egon beharko dugu.
Eta emaitzaren arabera, zein izango dira erreakzioak? Eta aurrea begira eman beharreko pausuak?
Jun Sanchez: Jakin nahi dut sektore faxistak egindako deklarazioak noraino iritsiko diren. Ezinezkoa denaren leloa behin eta berriz errepikatu digute, Balkanetako gerra ere ezinezkoa zen, eta gertatu egin zen... Espainiak militarki aktuatzeko legitimitatea du... ikusi egin beharko da ordea, esan duten guzti hori noraino iritsiko den.
Bestalde, igandean botoen gehiengoa lortzen bada, argi dago Aldebakarreko deklarazioa bozkatuko dela, independentzia ardatz izango duena. Estatuaren estruktura zein izango den aztertu beharko da, zein modelo ekonomiko izango duen... Ikusi egin beharko da prozesua eta denborak nola planteatzen dituzten.
Igandea egun haundia izango duzue. Nola pasako duzue?
Eva Domenech eta Jun Sanchez:
Ez dugu Katalunian izateko aukerarik izango, baina gure bihotza han izango da. Botoen suspentsea azken momentura arte izango da, eta jakin arte egingo diogu jarraipena.