Espainiako Auzitegi Nazionalak bilkura egingo du gaur. Bertan erantzuna emango dio euskal preso politikoen sakabanaketarekin bukatu eta Euskal Herriratzeko egindako eskaerari. Horren harira, kontzentrazioa deitu zuen atzo Sortuk eta herritar ugarik egin zuen bat. Auzitegi Nazionalaren erabakia, Madrilgo gobernuaren eskutik aldez aurretik idatzia dagoela pentsatzen du Sortuk, «euskal presoen eskaerei bizkar emanez», eta beharrezkoa ikusten du euskal preso politikoen eskubideen aldeko borroka indartzea: «mobilizazio sozialen bitartez, babes eta presio politiko eta instituzionala indartuz...».
Baigorrin izandako azken atxiloketak ere salatu zituzten: «Errepresioa dute euren politikaren ardatz Madril eta Parisek. Gatazkan kateatuz, etorkizuna lapurtu nahi diote gure herriari».
Eta gogorarazi zuten ETA armagabetzearen aurreko inbentariatze eta zigilatze prozesuan dagoela: «ETA ez da dagoeneko eragile armatu bat; horregatik, ETAren kontra ekiteak herri honetan zabaldu den errealitate politiko berriari muzin egitea suposatzen du». Eta gaineratu zuten: «Errepresioz eta atxiloketen bidez ari dira bakearen kontra. Bakearen etsaia da PP eta zoritxarrez, Gasteizko gobernuak diskurtso berbera darabil».