Hiru hilabete pasa dira Gobernu talde berriak kargua hartu zuela, eta ordutik ona egindakoaren berri emateko, agerraldia egin zuten ostiralean. Luis Intxauspe alkateak eman zituen azalpenak, eta gobernu taldeko kideak izan zituen lagun.
Alkateak azaldu zuen, ekainaren 14an Udala osatu zutenetik, iraileko Plenoa jarri zutela legegintzaldi honetako hasierako mugarri gisa: «denbora honetan, hainbat lan aurrera eraman ditugu, batetik, egunerokotasunean herritarrek dituzten beharrei erantzunez; eta bestetik, Hernani hobetzeko gure herri programan markatzen ditugun oinarri eta helburuak lortzeko».
«Herria hobetzeko konpromisoa dugu»
Intxauspek azaldu zuen, elkarrekin herria hobetzeko konpromisoa hartu zutela, eta irmo jarraitzen dutela asmo horretan, bai Udal barruan, eta baita kanpoan.
Udal barruari dagokionean adierazi zuen, egunerokotasunaren kudeaketarako beharrezkoak diren batzorde gehienak sortu dituztela, eta martxan daudela: «Antolakuntza eta Pertsonala, Euskara, Jarduera fisikoa eta Kirola, Hezkuntza, Kultura eta Zerbitzu Publikoak. Ongintzako Zuzendaritza Patronatua eta Udaleko eta Ongintzako kontratazio mahaiak ere sortu ditugu. Nahiz eta alderdi batzuek ez duten parte hartu Batzorde guztietan eta prentsan kritikatu gaituzten, sortu ez ditugula esanaz».
Beste alderdiekin harremanak ireki dituztela era azaldu zuen Alkateak: «eskaini diegu Batzorde, Tokiko Gobernu eta Kontratazio mahaietan parte hartzea».
Gobernu programa, herri programatik abiatuta
Udaletxetik kanpo ere, herritarrekin lanean jarraituko dutela azaldu zuen: «beharrezkoa da herritarrek udal gobernu honek aurrera eraman nahi dituen ekintza eta proiektu ezberdinak ezagutzea; beraiekin batera herria hobetu nahi baitugu. Uste dugu, ezagutza honek, partehartzea eta elkarlana sustatuko dituela; datozen asteetan lau urtetarako gobernu programa aurkeztuko diegu herritarrei, ekintza eta proiektu zerrenda».
Intxausperen esanetan, Hauteskundeetan aurkeztutako herri programatik abiatuta ari dira lantzen gobernu programa: «ekarpenez osatzen ari gara. Gure oinarriak dira herritarren partaidetza, garapen lokala eta jasangarria, eta justizia soziala».
Eguneroko lanak eta beste hainbat proiektu
Aurreneko hiru hilabeteetan egin dituzten lanak ere azaldu zituen: «asfaltatze lanak, ikastetxeetako konponketak, hainbat zerbitzu eramateko kontratazioak... herritarren eskariak jaso ditugu, batzuk erantzun eta aurrera eraman dira; beste batzuk erantzun ez arren, zereginen artean ditugu».
Aurrera eramaten ari diren beste hainbat proiektu ere, aipatu zituen: «kiroldegiko berritze lanak; Zubipe berritzeko prozesua, futbol taldearekin batera egin dena; Tokiko Garapen eta enpleguari ere, heldu diogu; Gazte Saila sortzeko aurrerapauso haundia eman dugu; Udal aurrekontuan herritarrek parte hartzeko prozesuarekin ere, martxan goaz; Herriko eragileekin adostuta, Hernani errefuxiatuen babeserako herrien sarearean parte da: eta Oinarrizko Lanbide Heziketa (Transpacar) herrian mantentzea adostu dugu, 27 urtetan egin den lanaren emaitza ona ikusita».
«Hernani hobetzen ari gara»
Martxan daudela esanez bukatu zuen balorazioa, Alkateak: «Hernani hobetzen ari gara, eta elkarlanean egin nahi dugu, herritar, eragile eta gainerako alderdi politikoekin».