Ehun egun pasa dira Udal Gobernu berria osatu zela, eta Hernaniko alderdi sozialistak honen inguruko balorazioa bidali du, prentsa ohar bidez.
Ricardo Crespok, sozialisten bozeramaileak, dezepzioa azaldu du Bilduren lehendabiziko ehun egun hauekin: «maiatzeko hauteskundeen ondoren, Alkateak gainontzeko alderdiekin erronda bat egiteko iniziatiba azaldu zuen. Nahia zen, kolaboraziorako bide ezberdinak aztertzea; aurreneko kontaktua uztaila erdialdean izan genuen. Orain ordea, ikasturtea hasi eta hiru aste pasa diren honetan, alkateak ez du bilerarik deitu proposamen konkretu baten inguruan aritzeko; momentuz, ‘bultzada politikorik gabeko’ gobernua ari da izaten».
«Iraila da, eta orandik komisio asko daude sortu gabe»
Komunikatu batean, sozialistek salatu dute atzerapen honek ondorioak izan dituela: «iraila da, eta oraindik komisio asko daude sortu gabe; beraz, akzio falta honek sortu du herriko aktibitate politikoan geldialdi bat egotea».
«Partehartze aktiboa izango dugu, egoera ekonomikoa hobetzeko»
Alderdi sozialistak oharrean azaldu duenez, eskua luzatu dute Hernaniren eta hernaniarren alde lana egiteko: «egun dugun egoera ekonomiko zaila gainditzeko, denon artean eman behar diogu bultzada gestioari». Bide honetan, Crespok dio PSE-EE alderdiak partehartze aktiboa izan nahi duela udalaren gestioan, «gobernu taldearen lanaren kontrola eraman, eguneroko lana fiskalizatu ahal izateko. Gure apustua gehitzea da, eta ez kentzea; horretarako, Alkateak herriaren arazoak konponduko dituen politikak lideratu behar ditu. Egoera ekonomiko zailen aurrean, denok egin behar dugu lana adostasuna lortu eta erantzukizunaren alde; martxan jarri behar diren neurrietan asmatu behar dugu, egoera zail honi aurre egiteko».
Bukatzeko, alderdi sozialistak dio, lanean jarraituko duela: «hernaniarren arazo errealak konpontzearen alde egingo dugu lana; horretan ahaleginduko gara».