Egun garrantzitsua biziko du Kataluniak igandean: Hauteskunde Eguna. Izaera berezia izango duten hauteskundeak izango dira gainera, eta Hernaniko Gure Esku Dagok ospatu egin nahi du hori: «Kataluniak bizi duen momentua ekarri nahi dugu herrira, eta ospatu, nolabait, igandean zer izan nahi duten erabakitzeko aukera izango dutela. Era berean, gogoratuko dugu Euskal Herrian ere, antzeko egoera batean egon nahiko genukeela».
«Ospatu nahi dugu katalanek igandean, nolabait, etorkizunean zer izan nahi duten erabakitzeko aukera izango dutela»
Festarako deia, herritarrei
Festa ostiralean egingo dute, Plaza Berrik eta Urbieta kaleak bat egiten duten plazan (Txantxangorri elkarteko sarrera parean); iluntzeko 19:00etatik 20:00etara. Festan, ohi bezala, jana eta edana izango da; baina kasu honetan, eta ospakizunarekin bat eginda, Kataluniako produktuak dastatzeko aukera izango da: butifarra, pantumaca, cava... Musika eta giro ona ez dira faltako, eta topa ere, egingo dute!