Eragile ezberdinekin mahai bat osatzea onartu zen asteleheneko batzordean

Kronika - Erredakzioa 2015ko ira. 12a, 02:00

Partehartze eta Kirola ba­tzordea bildu zen astelehen goizean eta bertan, atez atekoaren inguruko kontsultari buruz eztabaidatu zen. Alkate, Gobernu Taldeko zinegotzi eta oposizioko zinegotziez gain, 10 bat herritar gerturatu ziren. 
Eztabaida sutsua piztu zen Gobernu Taldeak kontsultako galdera proposatu zuenean eta  onartu edo ez momentuan bozkatzeko asmoa azaldu zuenean. Azkenean erabaki zen atzeratzea, herritarrek parte hartzeko aukera izan dezaten galdera erabakitzerakoan, eta gaia lantzeko mahaia osatzea, eragile ezberdinekin.

Mahaia osatzeko eskaera
Hasteko, herritar batek kexa adierazi zuen, gaia hain garrantzitsua izanda batzarra egiteko eguna eta ordua ez zirela egokiak esanez. Idatzia aurkeztu zuen eta Nerea Zusberro Gobernu Taldeko zinegotziak hurrengoan kontutan izango dutela adierazi zion. 
Gaiari helduz, EH bilduk mahai bat sortzeko egin zuen eskaera ez zutela egoki ikusten azaldu zuen Zusberrok, «kon­tsulta atzeratu egingo litzatekeelako. Hauteskundeak datoz eta hauteskundeekin nahastea ez litzateke egokia». Prozesua martxan jartzeko, kontsultan egingo den galdera Espainiako Gobernuari bidali behar zaio eta harek baiezkoa eman behar dio. Hori horrela, lehenbailehen martxan jartzeko, galdera bertan erabakitzeko asmoa azaldu zuen Gobernu Taldeak eta beraien proposamenaren berri eman zuen. «Hauxe izango litzateke galdera: Atez atekoa kendu nahi duzu? Bai edo ez. Galdera sinplea, bakarra, erraza eta ulergarria izatea nahi genuen eta hauxe dela egokiena uste dugu», azaldu zuen Zusberrok.
Eta eztabaida piztu zen. Andoni Gartzia EH Bilduko bozeramaileak halaxe adierazi zuen: «Orduan gaur zehaztuko da galdera eta onartuko da? Ze herritarren partehartze nahi duzue horrela?».
Herritar batek ere zentzu berean hitz egin zuen: «Herritarrok ez dugu partehar­tzerik izango? Herritar bezala eskatzen dugu mahai hori osa­tzea eragile guztiekin. Goizeko 09:00etan batzordea jartzea herritarrei muzin egitea da». Eta Jesus Mari Santos alkateari zuzendu zitzaion: «Ez zenuen esan beste estilo batera egingo zenuela lan? Herritarrekiko gertutasuna landuko zenuela? Gaur hemen ez gaude ia inor. Astigarragak 5.000 biztanle ditu eta lehenengo bileran ukatzen ari zarete partehartzea; zuen galdera inposatzen ari zarete. Herritarrok parte hartu nahi dugu galderaren eraketan».
Galderak ere ugari sortu ziren: «Eta baiezkoa ateratzen den kasuan, zer egingo da birziklapenarekin? Zein da alternatiba? Azalduko duzue erraustegia jarriko dela eta ze ondorio kaltegarri dauzkan? Eta zer egingo da langileekin?...».
Alkateak erantzun zuen bi gauza desberdin direla, bilketak ez duela zerikusirik tratamenduarekin eta orain bakarrik kontsultaz ari zirela. «Gero kanpaina bat izango da, guztiaz informatzeko. Guk esan genuen galdera bat egingo zela. Eta ez dugu inoiz esan ez dugunik birziklatuko. Gu bosgarren kontenedorearen alde gaude eta ho­rren alde egingo dugu. Baina ho­ri kontsultaren ostean izango da».
Beste herritar batek ere hartu zuen hitza: «Lehen gaizki egin zen atez atekoa jartzeko garaian eta orain ere gaizki egingo da. Ezin dira gauzak presaka egin. Ezta­baida lasaia behar da. Herritar bezala ezin dut erabaki bai edo ez, jakin gabe ze ondorio ekarriko duen erabaki bakoitzak. Pixka bat atzeratzen bada, ze inporta? Ze ikusi dauka hauteskundeekin?».
Azkenean erabaki zen atzeratzea eta mahaia osatzea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!