Atzo bukatu ziren Hernaniko Euskal Jaiak, eta merezitako bukaera emateko, sagardo probaketa egin zen Plazan, pintxoak lagunduta. Aldi berean, pelota partiduak jokatu ziren Tilosetako frontoian eta Gazteen Trikitixa Txapelketa ere izan zen, Plazan bertan.
Sei bikotek hartu zuten parte eta Itziar eta Aizarnazabalgo Naiara Mantzizidor eta Jugatz Oleagak irabazi zuten, iaz bezala. Bigarren postuan geratu ziren Aitor Uzkudun eta Nahikari Urdalleta errezildarrak. Eta hirugarrenak, berriz, Eider eta Lierni Tolosa ahizpa hernaniarrak. Beste hiru hernaniarrek ere hartu zuten parte: Elaia Diaz, Alazne Balenciaga eta Araitz Elizaldek.
Bestalde, aurtengo berritasunak Arraun elkartearen Txerriboda eta Sagardo Festa izan dira. Jakinarazi dutenez, ia 100 lagun bildu ziren herri bazkarian eta bi egunetan giro bikaina izan da Atsegindegin. Eskerrak eman nahi dizkiete lagundu eta bertaratu diren guztiei.
Zozketetako bi irabazle ere falta dira. Diametro 200 jatetxean bi lagunentzako bazkaria irabazi zuen 253 zenbakiak; eta bertako produktuen sorta, 3 zenbakiak. Sarituak jarri daitezela harremanetan: hernani.arrauna@gmail.com.