Memoria azkarreko Munduko Txapelketa jokatuko da urriaren 3 eta 4an Hernanin. Orona Ideon izango da, Galarretan. Ostegunean aurkeztu zuten Ainhoa Aizpuru diputatuak, Cesar Casajus WHECeko zuzendariak eta Ramon Campayo egungo memoria azkarreko munduko txapeldunak.
Txapelketa hemen jokatzeak duen garrantzia azpimarratu zuten aurkezpenean. «Adimenaren kirolariak dira eta kirol hau oso gutxi ezagutzen da. Halako gertaera berezi bat hemen izatea, eta gainera, mundu mailakoa izatea, oso interesgarria da». Aurretik, Lisboa, Erroma eta Munichen jokatu izan da.
Entrenamendua, sekretua
Campayok adierazi zuen beraiek persona normalak direla eta entrenamendua dela sekretua: «Edozein persona da gai adimena ikaragarri garatzeko, beti ere horretarako teknika egokiak erabiltzen badaki». Oroimena landu behar dela azaldu zuen. «Gauza asko memorizatzen ditugu, baina gero ez ditugu oroitzen. Hori da landu beharrekoa. Berez, ez genuke inoiz etxean ikasi behar. Klaseetan entzundakoarekin nahikoa litzateke. Memoria lantzen duenak karrera bukatzean dena gogoratzen du». Eta azkar memorizatzeko, azkar irakurtzea ere oinarrizkoa da. Pausoak dira: irakurri, prozesatu eta memorizatu.
Campayo zazpi aldiz izan da munduko txapelduna eta egungo munduko errekorra ere badu: 80 zenbaki binario memorizatzea lortu zuen 3 segundotan.
17 onenak lehian
Aurtengo txapelketan, 17 onenak ariko dira lehian. Sei abiadura proba izango dituzte. Larunbatean 16:00etatik aurrera ariko dira eta igandean goizez izango da. Finala jokatuko dute. Ateak irekita egongo dira eta herritarrei dei egiten diete gerturatzeko, kirol hau ezagutzera. Hori bai, kontzentrazio haundia behar denez, isilik egon beharko da saio osoan.