Hasiera bikaina, garaipen eta bonusarekin

Kronika - Erredakzioa 2015ko ira. 20a, 02:00

Ondo hastea zuen erronka Hernanik, eta etxeko parti­duak irabaztea. Oraingoz biak lortu dituzte, atzo Gernikari 42(b)-20 irabazita. 
Markagailuak adierazten duena baino partidu estuagoa izan zen. Partidua hastearekin batera, Gernika aurretik jarri zen entsaio eta transformazio bati eskerrak. Berehala eran­tzun zuten, ordea, trikoloreek eta aurretik jarri ziren Otxo­torena eta Lucasen entsaioak tarteko. Eta berriz aurrea hartu, Gernikak. Lehenengo zatia halaxe joan zen eta atse­denaldira 18-17 iritsi ziren. 
Bigarren zatia hasi eta segituan, bizkaitarrak aurre­tik jarri ziren berriz, 18-20, baina handik aurrera herna­niarrak izan ziren nagusi, nahiz eta azken momentura arte sufritu. Azken hamar minutuetan egindako bi entsaioe­kin lortu zuten erren­ta. Denera, bost entsaio egin zituen Hernanik eta bonusa ere lortu zuen.

Aitor Lucasek bi entsaio
Aitor Lucasek eta Anartz Elosegik atzo debutatu zuten eta beraien lana azpimarra­tzekoa izan zela azaldu dute taldetik. Lucasek partidu osoa jokatu zuen eta bi entsaio egin zituen. Elosegi berriz, Pello Perez ordezkatuz atera zen lehenengo zatiaren bukaeran. Oso postu zailean, apertura bezala jokatu zuela eta oso ondo aritu zela gaineratu dute: «Oso jende gaztearekin hasi gara eta ondo erantzun dute». Igor Genua ere fin ibili zen hankarekin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!