Denboraldi berria gaur hasiko du Mundarroko Saskibaloi Elkarteak. Probintzial mailan jokatuko duten mutilen bi taldeek gaur jokatuko dituzte Ligako aurreneko partiduak; biak, kanpoan.
Nesken taldea, berriz, Euskal Ligan ariko da, bigarren mailan, eta urrian hasiko du denboraldia.
13 jokalariko bi talde
Senior mailako mutilek bi talde osatu dituzte, bakoitza, 13na jokalarirekin. Probintzial mailan ariko dira; aurreneko taldea German Ceak zuzenduko du, eta bigarrena, Asier Sanchezek. Soraluze-Bergara eta Atletico San Sebastian izango dituzte aurkari gaur, hurrenez hurren.
Aurreneko taldeak igoera fasea jokatzea du aurten helburu, eta bigarrenak, mailari eustea.
Nesketan, jokalari berriak
Nesken taldea 11 jokalarik osatzen dute; 5 berriak izango dira. Aitor Lopezek zuzenduko ditu, eta urrian hasiko dute Liga. Maila mantendu eta ahalik eta postu onena lortzea izango dute helburu.