Karabelek bere eguna ospatuko du gaur, eta ohi bezala, txikienek protagonismo berezia izango dute. Ekintza ugari izango dira beraiei zuzenduta: buruhaundiak, pailazoak, jolasak, txokolatada... Horrez gain, tortilla txapelketa, barrikotea, paella, bingoa, Dja... antolatu dituzte. Eta Mugikortasun Astearekin bat eginez, patinetan ibilaldia ere izango da, goizean goiz.
Jaiak indartzen
Auzoko eguna aspalditik ospatzen da Karabelen, baina lehen, txikiei zuzendutako arratsalde bat izaten zela azaldu dio Joxeba Gainza auzo elkarteko kideak Kronikari. «Orain dela 5 urte, jende berria sartu ginen auzo elkarteko zuzendaritzan eta egun osoko jaia antolatzen hasi ginen. Urtetik urtera mantenduz joan gara orokorrean, baina aurten, jende berria sartu da, jende gehiago animatu da, eta datorren urtean bi eguneko jaia antolatzeko asmoa dugu. Eta ahal bada, hiru egunekoa».
Hasiera hasieran bost bat hasi ziren eta azken urteetan, 15 bat pertsonen artean antolatu izan dute auzoko eguna. Nahiz eta gero, egunean bertan jende gehiago izan laguntzen. «Eta aurten, 25 bat aritu gara. Jende gehiago dago eta gauza gehiago egiteko gogoarekin».
Hasierako espiritua
Zuzendaritza berria egun osoko festa antolatzen hasi bazen ere, hasierako izaera edo espiritua matentzen ahalegindu direla nabarmendu du Gainzak: «Haurrentzako jokoak mantendu izan ditugu beti eta ekintza gehienak haurrei zuzendutakoak dira, hasiera hartan umeentzako jokoak egiten zirelako arratsalde batez. Hasierako espirituari eutsi diogu».
Eta datorren urtean, egun gehiagotara zabalduta festa, beste adinetako auzotarrengana ere iritsi nahi dute. «Heldu eta gazteentzat ere izan dadila». Gazteengana heltzen lan haundia dagoela gaineratu du: «Pentsa, Karabelen 15-20 urteko 6-7 gazte daude bakarrik. Gehienak, 0-10 urtekoak dira. Baina ume horiek ahazten joango dira eta beharrezko ikusten dugu beraiei begirako ekintzak ere antolatzea».
Pailazoak, iaztik
Antolatzen dituzten ekintzen inguruko azalpena ere eman du Gainzak. Patinetan ibilaldia egitarauaren barnean sartzen dute, baina batez ere, Udalak antolatzen duen ekintza da. Hori bai, Karabeleko auzotarrek hamaiketakoa jartzen dute. Ondoren, diana izaten da trikitilarien eskutik. Eta baita buruhaundiak ere.
Iaztik, berriz, pailazoak ekartzen dituzte goiza girotzera. «Pentsatu genuen, umeek ere momentu pasibo bat behar zutela, arratsaldeko jokoetan ez direlako gelditu ere egiten, eta gurasoek ere eskertuko zutela halako momentu bat, denak lasai egoteko. Erantzun ona izan zuen eta aurten ere ekarri ditugu», dio auzo elkarteko kideak.
Tortilla lehiaketa, arrakastatsua
Tortilla lehiaketa eguerdi partean egin ohi dute. Egunari jarraipen bat emateagatik hasi zirela antolatzen azaldu du Gainzak: «helduak ere animatzeko eta jendea ez etxera joateko». Oso giro polita izaten dela eta arrakasta izaten duela azpimarratu du: «Gainera, beste auzo eta lekuetan tortilla patata lehiaketa egiten dute, baina guk tortillarena egiten dugu. Edozein tortilla izan liteke. Eta bi sari ematen ditugu: goxoena eta orginalena. Iaz, goxoena tortilla patata bat izan zen eta originalena odolkiarena piperrekin. Bakailu tortillak ere irabazi izan du goxoenaren saria». Gero, tortilla guztiak zatitu eta denen artean jaten dituzte. 30 bat tortilla aurkeztu ohi dira eta auzokoak ez direnek ere hartzen omen dute parte».
Festarekin jarraituz, ondoren, bazkaria egiten dute. Paella edo haragi egosia izaten da jateko, urtero txandatuz, eta barrikotea.
Bingo herrikoia, musa beharrean
Iaz egin zuten bingo herrikoia lehenengo aldiz eta oso giro ona izan zela aitortu du. «Lehen musean aritzen ginen, baina asko luzatzen zen. Gainera musean, dakienak bakarrik jokatzen du eta bingoan edonork jokatu dezake. Denengana iristeko errazagoa da. Eta bertan biltzen den diru guztia, irabazleen artean banatzen da».
Haurren jolasak, ekintza izarra
Aurrez esan bezala, haurren jolasak dira Karabeleko ekintzarik nagusienak. Arratsaldean antolatzen dituzte. «Aulkien jokoa asko gustatzen zaie, arrautza jaurtiketa ikusgarria izaten da… Futbol zelaiaren alde batetik besteraino iristen dira askotan. Pitxar hausketa ere oso polita izaten da. Aurten 200 pitxar erosi ditugu. Horiez gain, joku berriak ere sartu ditugu». Jokoetara gerturatzen den ume kopurua ere ez da nolanahikoa: «Iaz 250 gerturatu ziren, auzokoak eta ingurukoak. Karabelen 1.000 biztanletara ez gara iristen. Kopuru polita dela iruditzen zait».
Txokolatada ere hasierako urteetatik antolatzen da eta oraindik ere mantentzen dute: «80 litro txokolate egiten ditugu eta ez da ezer sobratzen».
Musika, zezensuzkoa...
Festa guztietan bezala, musikak ere badu bere tartea Karabelen. Dj Nemux aritzen da musika jartzen. «Urtero bera ekarri izan dugu eta oso gustora gaude; oso onak dira. Ez da musika jartzea bakarrik, giroa jartzen ere saiatzen dira pelukekin-eta».
Ondoren, zezensuzkoaren txanda izaten da eta eguna agurtzeko, traka.
EGITARAUA
09:30 Patinetan ibilaldia
10:00 Diana
11:30 Buruhaundiak
12:00 Pailazoak: Kiki, Koko eta Moko
13:00 Tortilla txapelketa
14:00 Barrikotea eta paella
15:30 Bingo herrikoia
16:30 Haurrentzat jolasak
19:00 Txokolatada
20:30 Dj Nemux
21:00 Zezen suzkoa
23:00 Traka