Atzo hasi ziren Euskal Jaiak, Arraun elkarteak antolatutako Txerriboda eta Sagardo Festarekin eta asteburuan izango dute jarraipena. Egun nagusia gaur izango da gainera. Goizean goizetik, abeltzaintza azoka antolatu dute Tilosetan.
Sasiardiak, pottokak, betizuak… ikusgai
Abeltzaintza azokak 10:00etan irekiko ditu ateak. Xabier Iradi albaitariak azaldu zuen bertan izango direla sasiardiak, pottokak, betizuak… «Azoka antolatzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu eta indar asko jartzen da ekintza hau antolatzen. Hernani mailako abere eta hegaztiak izango dira bertan. Galtzear egon diren espezieak, bertako baserritarrek generazioz generazio mantendu dituztenak. Lehen gertuago bizi genuen baserri mundua eta orain, egun batean bada ere, herritarrei gerturatzea garrantzitsua da». Ubarroto, Aitzolaborda eta Txabolategi baserrietako abereak izango dira, hain zuzen. Euskal oiloetako bost barietateetaik lau ere ekarriko dituzte. Eta abere asko kumeekin egongo dira. Horregatik, etxeko txikiekin joateko aproposa dela azpimarratu du Iradik.
Horrez gain, baserriko lanbideen erakusketa ere egongo da. Sega garai batean nola pikatzen zen erakutsiko du Joxe Luis Merkaderrek.
Kantuan girotuko dute eguerdia
Kalez Kale Kantarikoak Euskal Jaiak girotzen ibiliko dira gaur eguerdian. Kantuz, Ozenki eta Goiz Eguzki Abesbatzekin aterako dira kantari. Plaza Berrin jarri dute hitzordua 12:00etan, baserritarrez jantzita. Kantatzea gustoko duten herritar guztiei ere dei egiten diete animatzeko.
Herri bazkariaren aurretik, omenaldia egingo dio arraun elkarteak ‘Baldo’ri.
Harrijasotzen, aizkoran, trontzan…herri kiroletan
Herri kirolak ere izango dira eguerdi partean. 12:15etan hasiko dira. Harrijasotzen Estitxu Almandoz ariko da. Eta aizkoran bi bikote mixto neurtuko dira: Itxaso Onsalo, Nerea Sorondo, Xabier Zaldua eta Jon Larrañaga “Larrak” hartuko dute parte. Trontzan ere ariko dira. Eta zirkuitoren bat ere osatuko dute txingekin.
Txerriboda eta Sagardo Festa, Atsegindegin
Arraun elkarteak Txerriboda eta Sagardo Festa antolatu ditu Atsegindegin. Hau da, afariak izango dira afariak izango dira Basatxerriren produktuekin (burualdea, hanburgesa, txorixo eta saltxitxak...) eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardoarekin. Horrez gain, herri bazkaria ere antolatu du gaur. Eta aurretik, Juan Ramon Zabaleta ‘Baldo’ arraunlari ohiari omenaldia egingo diote. Asteartean hil zen.
Arratsaldean, hainbat apustu eta proba antolatu dituzte: ergometro pike pare bat… Batis Larburu Arraun elkarteko presidenteak adierazi du helburua dela arrauna herritarrengana gerturatzea: «Gu urruti geratzen gara herritik, egoitza urruti dugu. Nahi dugu jendea gerturatzea eta arraunera animatzea».
Herriko festetako doinuak, Musika Bandak
Musika Bandak kontzertua eskainiko du iluntzean. Euskal Herriko herri ezberdinetako festetan oso ezagunak diren kantak joko dituzte. Irungo San Martzialetan hasi eta Hernaniko San Joanekin bukatuko dute. 16 bat abestiko emanaldia izango da.
Trikitixa txapelketa bihar, Plazan
Gazteen Trikitixa Txapelketa antolatu du Kriskitinak, bihar. Azpeitia, Aizarnazabal, Itziar, Errezil eta Hernaniko trikitilariek hartuko dute parte. Hernanitik bost ariko dira: Eider Tolosa, Lierni Tolosa, Elaia Diaz, Alazne Balenciaga eta Araitz Elizalde. Bikote bakoitzak hiru pieza jo beharko ditu: trikitixa, porrusalda eta fandangoa edo arin-arina. Epaimahaiak honakoa hartuko du kontuan: doinuaren zailtasuna, soinuaren ejekuzioa, panderoaren ejekuzioa, erritmoa eta kantua.
Irabazleentzat txapelak izango dira eta parte hartzaile guztientzat saria izango da.
Euskal jantziak janzteko deia
Antolatzaileek dei egiten diete herritarrei Euskal Jaietara gerturatzeko eta baita euskal jantziak janzteko ere. Batez ere, gaur.
EGITARAUA
GAUR
10:00 Abeltzaintza azoka Ezkiaga pasealekuan.
10:00 Baserriko lanbideen erakustaldia Ezkiaga pasealekuan.
11:00 Talo-dastatzea Iturriaga kalean.
11:30 Antzinako jokoak Ezkiaga pasealekuan.
12:00 Txakolin-dastatzea Iturriaga kalean.
12:00 Kalez Kale Kantari. Hasiera: Plaza Berrin.
12:15 Herri kirolak Ezkiaga pasealekuko frontoian.
12:30 Erraldoi eta buruhandiak.
14:00 Herri bazkaria Atsegindegi plazan. Aurretik, omenaldia Juan Ramon Zabaleta ‘Baldo’ arraunlari ohiari.
17:00 Haurrentzat tailerrak Plaza Berrian.
17:00 Haurrentzat jolasak eta txokolate jatea Plaza Berrin.
18:00 Erromeria Jeiki hadi taldearekin Atsegindegi plazan.
19:00 Arraun apostu herrikoiak, Atsegindegin.
19:45 Musika Bandaren emanaldia udaletxeko arkupeetan.
20:00 Arraunlarien apostua, Atsegindegin.
Afariak, Atsegindegin.
BIHAR
Sagarraren eta Sagardoaren eguna Gudarien plazan.
09:00 Diana Txistulari bandarekin.
11:00 Sagardo-dastatzea Gudarien plazan.
11:30 Pelota partiduak Ezkiaga pasealekuan.
12:00 XVIII. Trikitixa Txapelketa Gudarien plazan.