«Etxean azkar asko aurkituko genuke lana, zerbait egin beharra, baina dena lana ez da izango eta... Hemen ederki egoten gara», zioten asteazkenean, Berriketan egitasmoko parte hartzaileek. Ikasturteko aurreneko saioa izan zuten, eta luze egin zaie udara, programa berriz noiz hasiko zain: «desiatzen ginen berriro hasteko. Pentsa ba! Lan guztiak utzita etorri direnerako...», dio batek, kartetan ari direnei begira.
Lagun gehiago animatzeko deia
15 lagun elkartu ziren Ereñotzuko kultur etxean, «aurreko urteko berdinak, berririk ez zaigu animatu». Baina nahi duenak, aukera badauka bertaratzeko: «doan da, eta autobus zerbitzua ere jarriko litzateke etortzeko. Oso ondo pasatzen dugu, bakoitzak gustokoen duena egiten». Interesa duenak, Auzo Udalera deitu besterik ez du egin behar: 943 55 10 00.
Momentuz, ereñotzuarrak dira denak, eta musean, eskoban, sudokuak egiten... aritzen dira: «gaztetan sekula sudokurik egin ez, eta hemen hasi ginen egiten! Eta besteak, begira, lehen ez ziren kartetan aritzen, eta orain desiatzen daude etorri eta jokatzeko».
Ordu eta erdiz aritzen dira horretan, eta azkeneko ordu erdian, merienda ere egiten dute: «lehen ordu eta erdi izaten zen, eta ordu erdi erantsi zioten. Baina hala ere, exkax geratzen zaigu!»
Ziztu bizian pasatzen zaizkie bi orduak, beren denborapasetan murgilduta: «Pentsa! Berriketan deitzen den egitasmoan, berriketarako denbora askorik ez dugu izaten, denak jo eta fuego kartetan eta sudokuetan».
«Umore ona daukagu, eta pakea ere bai»
Denek ezagutzen dute elkar, eta giro ederrean pasatzen dituzte asteazken arratsaldeak, 17:00etan elkartu eta 19:00ak arte: «umore ona daukagu, eta pakea ere bai, eta hori ez da gutxi! Haserretu ez gara egingo ba!», nabarmendu dute.
Haserrerik ez, baina lehia behintzat badaukate, kartetan aritzen diren lagunek: «eguna noiz iritsiko desiatzen egoten gara, partida jokatzeko. Hemen irabazten duenak, aste guztiko ogiaren dirua lortzen du eta!», diote.