Igartza Saria irabazi duzu, Kafe beteak eleberri proiektuarekin.
Bai, oso pozgarria izan zen berria jasotzea, egindako lanak bere fruituak eman dituela ikusten duzu. Desiatzen nuen, baina espero... Jende askok aurkezten ditu oso lan onak.
Zer dela eta aurkeztu zinen?
Aspalditik neukan buruan nobelara saltoa ematea, nire buruarekin neukan zor bat zen, eta erronka bezala hartu nuen, serio hartzeko edo baztertzeko. Nik idazten ditudan iritzi zutabeetatik oso desberdina da nobela bat idaztea, baina nahiko errez moldatu nintzen.
Zer kontatzen du eleberriak?
Neska gazte baten istorioa da, lanean eta bizitzan ondo doakiona, eta bere erabakietaz ziur dagoena. Baina momentu batean aukera tonto bat egin behar du, bi opariren artean, eta blokeatu egiten da. Eta krisi une horretan, aurreko erabaki guztiak etortzen zaizkio gainbeheran.
Nondik titulua, Kafe beteak?
Kasualidadez erabaki nuen. Lagun batzuei pasa nien proiektua, eta batek komentatu zidan kafea zela elementu bat, pasarte guztietan zegoena. Eta hitz joko bat egin nuen.
Eleberriaren zati bat aurkeztu behar zenuen sariketara. Orain urtebete daukazu nobela bukatzeko. Nola doa?
Ba irabaziko nuen jakin gabe, idazten jarraitu nuen, martxa hartuta neukalako, bukatzeko asmoz. Eta nahiko pentsatua daukat nola joango den istorioa. Gainera, denborarekin bukatu nahi dut, errebisioa eta zuzenketak lasai egiteko.
Orain, denbora baino gehiago, presioa da jakitea idatzitakoa publikora iritsiko dela. Presioa baino gehiago ardura, agian. Baina gozatzeko aukera ere bai, eta espektatibak alde batera utzita, buruan daukadana idatzi nahi dut. Nahiko kritikoa izateko pentsatuta dago, eta transmititu nahi dudan mezua islatu nahi dut nobelan.
Eta zein da mezu hori?
Jendarte kapitalista honetan, normal izatearen goraipamen horri kritika da, eta guzti horrek dakarren eskizofrenia. Badirudi aukera asko izanda askatasun gehiago daukagula, baina askotan kontrakoa izaten da.