Gaur hasiko dute denboraldi berria CD Hernaniko hainbat futbol taldek. Zubipeko zelai berrituan jokatuko dira, gainera, partidu horietako batzuk.
Ohorezko Erregional taldea, etxetik kanpo
Mutilen Ohorezko Erregional Mailako taldeak Anaitasunaren kontra jokatuko du gaur, arratsaldeko 17:00etan, Azkoitiako Txerloia zelaian.
Pasa den denboraldian Hernani baino bi postu beherago geratu zen Anaitasuna, 5garrenean, eta beraz, hernaniarrek puntuak etxera ekartzeko aukera polita izango dute denboraldi berriko aurreneko partidu honetan.
Lau partidu, Zubipe berrituan
Beste lau partidu, berriz, Zubipen jokatuko dira gaur: Gorengo Mailakoa, Nazional Mailako Jubenilena eta Kadeteen Ohorezko eta 1go Mailakoak.
Izan ere, OPSA enpresak bukatu ditu Zubipeko zelaia egokitu eta belar berria jartzeko irailaren aurrenetan hasitako lanak. Aldageletan oraindik lan batzuk geratzen dira egiteko, baina dagoeneko, Zubipen entrenatzen eta jokatzen hasiak dira CD Hernaniko taldeak.
Lagunarteko triangeluarra, neskek
Euskal Ligako neskek, berriz, datorren astean hasiko dute Liga, Gasteizko Neskak taldearen kontra. Beroketa lanetan ari dira, ordea, eta gaur, lagunarteko triangeluarra jokatuko dute Irungo San Jose Obrero zelaian.
Arratsaldeko 17:45etan Mariño eta Oiartzun ariko dira aurrez aurre; 18:45etan, berriz, Mariño eta Hernani; eta azken partidua arratsaldeko 19:45etan jokatuko da, Oiartzun eta Hernaniren artean.