Abiatzeko puntuan dago Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Bihar bertan hasiko da, Beasaingo Usurbe antzokian, 17:30etatik aurrera. Bertan izango dira Ane Labaka, Jon Maia, Haritz Mujika, Iñigo Mantzizidor, Eli Pagola eta Beñat Iguaran.
Guztira, 43 bertsolari ariko dira txapelketan, eta tartean izango da Agin Laburu astigartarra. Zuzenean final laurdenetan hasiko da, urriaren 24an, Urretxu-Zumarragako Ederrena pelotalekuan.
Bihartik aurrera, saioak ia astero
Hiru hilabetetan 15 bertso saio izango dira: sei final zortziren, bost final laurden, hiru finalaurreko eta finala.
Final zortzirenak bihar hasi eta urriaren 11ra arte jokatuko dira; final laurdenak, berriz, urriaren 24tik azaroaren 8ra bitartean; finalaurrekoak, azaroaren 22 eta 29an, eta abenduaren 6an; eta azkenik, finala, abenduaren 20an, arratsaldeko 17:00etan hasita, Donostiako Ilunben.
Sarrera salgai, dagoeneko
Dagoeneko saio guztietarako sarrerak erosi daitezke interneten, finalekoak izan ezik, www.bertsosarrerak.eus webgunean. Saio guztiak ikusteko bonoa ere erosi daiteke.
Bestalde, finala ez beste saio guztiak arratsaldeko 17:30etan hasiko dira, eta saio guztien aurretik bertan ere erosi ahal izango dira sarrerak, 16:00etatik aurrera. Bertsozale Elkarteko bazkideek eta 16 urtetik beherakoek prezio bereziak izango dituzte.