Gaur egun, zaila egiten da irudikatzea, baina Lastaolako poligonoa belardi eta baratza zen orain dela ez asko. Eta bertan, bazen baserri eder bat; galanta: Beheko Lastaola. Gaur egun Ubis enpresa dagoen lekuan zegoen. Baserri hartan jaioak dira Jexux eta Ramon Ugalde anaiak. Eta baserri hori eta bi anaiok aipatzekoak dira, besteak beste, Lastaolako lehenengo enpresa beraiek jarri zutelako martxan bertan: Ugalde Sukaldeak. Gaur egun martxan jarraitzen du eta beraz, Lastaolako enpresarik zaharrena da.
Tailerra, baserrian
Beheko Lastaolaz gain, beste bi baserri ere baziren inguruan: Goiko Lastaola (gaur egun sagardotegia dago bertan) eta Lastaola Berri. Beheko Lastaolak 400 m2 izango zituela diote Jexux eta Ramonek eta bertan bizi ziren beraien gurasoak eta lau anai-arrebak. Jexux da zaharrena (1931) eta Ramon gazteena (1938). Tartean, bi arreba dituzte: Valentina eta Maria. Errentan bizi ziren baserrian eta Jexuxek 18-19 eta Ramonek 12 urte zituztenean erosi zuten. 36.000 m2 lur zituzten inguruan eta beste 3.000 m2 inguru, uraz bestaldean. Baserriko lanetatik bizi ziren gurasoak: baratza eta abereak zituzten.
Jexux berriz, Zikuñagako papeleran hasi zen lanean 16 urterekin eta 18 urtez aritu zen bertan. Nazkatuta zegoela gogoratzen du: «Olaztiko artzai bat ere etortzen zen negua pasatzera bere ardiekin eta ateratzen zuten soinuarekin gauean ezin lo egin ibiltzen nintzen. Batere lorik egin gabe, papelerara joaten nintzen. Hango lanarekin nazkatuta nengoen».
Ramon berriz, 18 urtera arte baserrian aritu zen lanean. Ondoren, Hernaniko Imaz tailerrean hasi zen. Handik berriz, Erlu enpresan, sukalde muebleak egiten. «Armairuak egiten aritzen nintzen ni. Beste batzuk, berriz, silak». Tiburtzio Agirre Hernaniko alkate izandakoaren enpresa zen eta armairuak gordetzeko leku gehiago behar zuen. «Nik esan nion lekua banuela baserrian eta halaxe hasi nintzen han lanean. Hasieran beretzako lan egiten eta pixkanaka gure kontutik ere bai», kontatzen du Ramonek. «Ni berriz, Zikuñagan aspertua nengoen eta berarekin hasiko nintzela esan nion anaiari». Halaxe sortu zuten Ugalde Sukaldeak.
«Jai eta aste ordu pila ederra sartzen genituen. Gu jubilatu arte lan asko izan da. Astean 15 sukalde noiznahi egiten genituen»
Lan pila
Hasiera hasieratik lan pila izan zutela diote bi anaiek: «Jai eta aste ordu pila ederra sartzen genituen. Gu jubilatu arte lan asko izan da. Astean 15 sukalde noiznahi egiten genituen. Pentsa, bi sukalde egunean». Lan egiteko modua ere asko aldatu dela azaldu dute: «Orain dena prestatua etortzen da, baina lehen eskuz egin behar izaten zen dena. Pintatu, disolbentearekin mueblea garbitu…». «Disolbentearekin mareatuta, gaizki asko egona naiz ni. 8 egun pasa nituen gaizki», dio Jexuxek.
Laguntza ere bazuten, ez ziren bakarrik aritzen: «Hasieratik mutilak hartu genituen. Inguruko baserrietako gazteak hasi ziren gurekin lanean. Bakarren batek oraindik ere segitzen du. Gure aita zenak ere asko laguntzen zigun eta ondoko baserrikoek ere bai kola ematen. Baita gure emakumeek ere».
Valladolid eta Candanchun
Batez ere, Hernani inguruan egiten zuten lan. Nahiko lan izaten omen zen. Hala ere, Valladolid aldera joanak dira. «Tiburtziorekin lan asko egin genuen eta horietako batean Valladolidera joan ginen. Kamioirik ez genuen eta Kaxparren furgonetan joan ginen. Gero bueltan, Sala de los Infantesen neurriak hartu genituen. Hareako mueble pila egin genituen».
Donostiako Muebles Riu enpresarekin ere lan asko egin zutela gogoratzen dute: «23 urtez aritu ginen harekin lanean eta Candanchura ere joan ginen lanera. Hango apartamenduetan muebleak montatzen aritu ginen».
Lanak banatuta
Beraien artean, lanak nola banatzen zituzten ere azaldu diote Kronikari. Jexuxek, batez ere, neurriak hartzen omen zituen eta muebleak jarri ere bai. Ramonek, berriz, egin. «Block txiki bat izaten nuen poltsikoan eta han egiten nituen dibujoak. Ordubetean dozenerdi bat bai. Orain ordenadorean ez dituzte hain azkar egiten», dio Jexuxek. «Gero entenditu egin behar!», berriz, Ramonek. Hasieran kosta arren, gerora ederki asko ulertzen zituen Ramonek ere. Eta anekdota bat gogoratu du Jexuxek: «Gogoratzen naiz egun batean Hondarribiara joan eta hango emakumeak par egiten zuela. Egin nuen dibujoa ez zela entendituko esaten zuen. Baina guk bai entenditu».
Pixkanaka joan ziren enpresak eraikitzen Lastaola poligonoan eta azkenerako, baserri zaharra industri gunearen erdian geratu zen. Ubisek erosi eta 2000 urtean bota zuen.
Baserria utzi
Bi anaiak ezkondu eta alabak ere izan zituzten. Jexuxek bi eta Ramonek bat. Guztiak baserrian bizitu ziren, tailerra ere bertan zutela. 1974an, baserria lanerako bakarrik utzi, eta etxe banatan bizitzen jarri ziren. Ez ziren urrutira joan. Lastaola auzoko lurretan egin zituzten etxe horiek ere. Eta pixkanaka, Lastaolako erribera guztia aldatzen hasi zen. «Poligonoa egiten hasi ziren. Orona izango zen aurrenetako enpresa. Gure lur batzuk Oronari saldu genizkion eta enpresaren zati bat gure lurrak zirenetan egina dago. Eta bertara joateko zubi txikitik pasa behar zen, ez zegoen oraingo zubia, eta kamioiak eta trailerrak ezin pasa geratzen ziren. Oso bide txarra zen. Kamioiak ere galduta ibiltzen ziren eta Goizuetarako bidea hartzen zuten».
Pixkanaka joan ziren enpresak eraikitzen Lastaola poligonoan eta azkenerako, baserri zaharra industri gunearen erdian geratu zen. Ordurako, tailerra ere atera zuten baserritik eta gaur egun Ugalde sukaldeak dagoen lekuan hasi ziren lanean: «Makina berriak sartzen hasi ginen eta baserrian lekurik gabe geratu ginen. 1989an egin zuten pabeloi hau eta aukera ona zela pentsatu genuen. Erosi eta bertan jarri genuen tailerra».
Baserri zaharrak urte batzuk iraun zituen industrigunearen erdian, baina azkenerako saldu egin zuten. Ubis hazi eta hazi ari zen eta lur horiek ere nahi zituen. Ubisen esku geratu zenean, bota egin zuten baserria. 2000 urteko urriaren 27an izan zen.
Ofizioa, afizio ere bai
Etxetik gertu geratzen zaie tailerra eta jubilatuz geroztik, azaltzeko ohiturarik ba al duten galdetuta, Jexuxek baietz dio: «Baina jendearekin hitz egitera, denbora pasa, bestela tailerrari ez diot kasurik egiten».
Ramon, berriz, gutxitan azaltzen omen da, baina ez egurrarekin ezer jakin nahi ez duelako. Egia esan, ofizioa, afizio ere badu Ramonek. Egur tailan aritzen da eta sekulako lanak dauzka eginda: koadroak, kutxak, eskulturak, bustoak, erlojuak... Denetik. Biterin ere erakusketa jarritakoa da. Jubilatu ondoren hasi zen egur tailan: «Beti izan dut gustoko egurra lantzea. Jubilatu nintzenean, bilobak ikastolara eramaten nituen eta Axun alabak esan zidan zerbait egin behar nuela. Berak apuntatu ninduen Biteriko ikastaroan. Lagun pila egin ditut eta orain, goizero Biterin elkartzen gara lagunartean». Tailerrera gerturatzekotan, egur bila gerturatzen dela dio.
Bigarren eta hirugarren generazioa, gaur egun
Ugalde Sukaldeak enpresak familiako negozioa izaten jarraitzen du gaur egun ere. Jexux eta Ramonen alaben eta suhien esku dago. Eta Jexuxen bi bilobak ere bertan egiten dute lan. Hiru generazio bildu ditu beraz, Lastaolako lehenengo enpresa honek.