Astigarraga Zero Zabor taldea lehengo astean Udalean egin zen partehartze batzordean izan zen. «Astelehen batean eta goizeko 09:00etan izanik, ezin esan erraza zenik bertan izatea, baina han izan ginen».
Hiru ondorio
Taldeak hiru ondorio atera ditu bileran izan ondoren: «EAJk aurretik asmaturiko galdera inposatzeko helburu irmoa zuela, gainontzeko batzordekide eta bertan ginenekin inongo adostasun beharrik azaldu gabe; denon artean gaia bideratzea lortu genuela, balizko galdeketaren nondik-norakoak zehazteko lanketa mahai bat eratzeko erabakia hartu zelarik; eta EAJko gobernu taldeak bezperako erabakia hutsean uzteko antza azaldu zuela ostean, komunikabide batean argitaratu zenaren arabera».
Errauskailurik ez
Horrela, azaldu du: «hondakin bilketa zerbitzu egokiena izateko lanean jarraituko dugu, bilketa sailkatze maila haundienetara garamatzana bultzatuz». Errauskailuen kontra ere azaldu da, eta «herritarrak adi egotea zuhurra dela» uste du, «atez ateko hondakin bilketaren inguruko manipulazio saiakera eta ondorioz, errauskailuaren azpiegitura inposaketa hor ditugulako».