Gureak Taldeak 40 urte bete ditu eta urteurren honetan, desgaitasuna herritarrengana gerturatu nahi du. Horretarako, Esperientzien tailerra izenekoa antolatu du, desgaitasuna ulertuaraziz, jokoaren bidez.
Tailer edo erakusketa hau hainbat herritan egon da eta gaur Hernanira iritsiko da. Biterin egongo da ikusgai, gaur, bihar eta etzi. Ordutegia: 10:30-13:30 eta 16:00-18:30.
Tailerra, Gureakeko kideek gidatuta
Tailer honen bidez, herritarrek lehenengo pertsonan bizituko dituzte desgaituek egunerokoan aurre egin beharreko zailtasunak. Tailerra hiru ekintzez osatua dago, batez ere umeei eta gazteei zuzenduak, baina herritar guztiei irekiak dira. Gureakeko kideek gidatuko dituzte, harreman zuzena bultzatzeko bisitari eta desgaitasunen bat duten pertsonen artean. Desgaitasun intelektual, sentsorial eta fisikoa dutenen errealitatea gertutik ezagutuko dute.
Horrez gain, erakusketa txiki bat ere izango da, Gureak Taldearen historia laburbiltzen duena, hamarkadaz hamarkada.