Banderak, Pasaia eta Bermeora

Kronika - Erredakzioa 2015ko ira. 14a, 02:00

Borrokatua espero zen lehia, eta hala izan zen, Kontxako Banderaren bigarren igandean. Nesketan zein mutiletan, bietan izan zen oso borrokatua, gainera. Azkenean, San Juanek eraman zuen emakumezkoen bandera Pasaiara, eta Urdaibaik gizonezkoena Bermeora.
Eta San Juanekin, bandera irabazi zuten Arantxa Arregik, Hernanin bizi den sanjuandarrak, eta Amets Zapiainek ere, Hernaniko arraun taldean aritutako astigartarrak.
Majo kostata irabazi zu­ten, hala ere. Oso estua izan zen lehia Hibaika eta Zumaia­re­kin, eta lau segundo baino gutxiagora geratu ziren erren­teriarrak, bi igandeetako sailkapenean.

Ivan Lopezek txanda, San Juanekin
Pozik bukatuko zuen estropada, Ivan Lopez hernaniarrak ere. Mutilen aurreneko txandan lehiatu zen San Juanekin, eta baita irabazi ere, San Pedrori bederatzi segundo aterata. Bosgarren izan dira sanjuandarrak, bi igandeetan eta sailkapen nagusian.
Andoni Saizar, Aitor Iraola eta Jon Urretabizkaia, bere aldetik, Donostiarraren trainerutik kanpo geratu ziren atzo. Azkeneko postuan sailkatu zen taldea.
Eta nesketan bezala, bizia izan zen lehia, mutilen ohorezko txandan ere. Aurreneko luze parekatuaren ondoren, tartea hartu zuen Urdaibaik, eta Hondarribiari zazpi segundo aterata, bandera ere kendu zion traineru berdeari.

Denboraldi berria, etzitik
Hernaniko Arraun Elkarteak, bere aldetik, asteazkenean hasiko ditu entrenamenduak, denboraldi berriari begira. Arratsaldeko 16:30etan jarri dute zita, Ibarluze poligonoko lokalean.
Gainera, arraunean aritu nahi dutenak (12 urtetik gorakoak), apuntatzeko garaiz da­bil­tza oraindik: 628 120 068 edo hernani.arrauna@gmail.com.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!