Hiru egunez ospatuko dituzte Euskal Jaiak aurten, Hernanin. Ostiraletik igandera izango da euskal tradizioaren festa, eta ekintzaz beteriko asteburuan, zenbait nobedade ere prestatu dituzte.
Hernaniko Arraun Elkarteak antolatutakoak, esaterako. Ostiralean eta larunbatean, txerriboda eta sagardo festa egingo dituzte Atsegindegin, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Bideo emanaldia, bertsolariak, arraun apostuak... ere izango dira. Eta larunbatean, bazkari herrikoia ere bai. Txartelak salgai daude, helduenak 18 euroan eta haurrenak 10 euroan: Oindi, Aralar, Gunea, Kitto eta Oa gozotegia.
Sagarra eta sagardoa, Plazan
Larunbateko azoka, jolas, talo eta txakolin dastaketa, herri kirol eta musika saioen ondoren, Sagarra eta Sagardoaren Eguna ospatuko dute igande goizean: sagardo dastatzea eta trikitixa txapelketa izango dira Plazan, eta pelota partiduak Tilosetan.