43 buru, eta txapela bertso eskolara?

Kronika - Erredakzioa 2015ko ira. 14a, 02:00

Bertsotik bertsora igaroko dira datozen lau hilabeteak. Igan­de honetan hasiko da Gi­puz­koako Bertsolari Txa­pel­ke­ta Nagusia, Beasaingo Usurbe antzokian, eta ordutik, ia as­te­bu­ruro izango dira saioak, abenduaren 20ko finalera arte.
Eta saioak bezala, ez dira faltako txapela jantzi nahi duten buruak ere. 43 bertsolari ariko dira, tartean Hernaniko bertso eskolako sei: Eli Pagola, Unai Agirre, Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Unai Gaztelumendi eta Beñat Gaztelumendi.

Eli Pagola, estreinako saioan
Igandeko saioan bertan hasiko du bere ibilbidea Eli Pagola ereñotzuarrak. Final zortzirena izango du Beasainen, arratsal­deko 17:30etan, bere aurreneko Gipuzkoako Txapelketan.
Final zortzirenetan hasiko da lehiatzen, baita ere, Unai Gaztelumendi añorgarra. An­do­ain­en ariko da, urriaren 11n.
Beste laurak, berriz, final laurdenetan sartuko dira: Agin Laburu eta Jexux Mari Irazu, urriaren 24an Urretxun; Beñat Gaztelumendi, urriaren 25ean Errenterian; eta Unai Agirre, azaroaren 8an Eskoriatzan.

Sarrerak salgai, interneten
Saio guztietarako sarrerak (Ilunbeko finala izan ezik), dagoeneko salgai daude inter­neten: bertsosarrerak.eus. Saio guztiak ikusteko bonua ere erosi daiteke bertan.
Hernanin ez da bertso saio­rik izango, Gipuzkoako Txapel­keta honetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!