Bi hilabete besterik ez ditu behar izan Javier Urrizak, belauneko lesio batetik bueltatu eta erremonteko txapela garrantzitsuena janzteko. Uztailean kantxaratu zen berriro, zortzi hilabetez geldi egon ondoren, eta azkar asko bueltatu da bere maila onenera.
Atzo, Buruz Buruko Txapelketaren finalean, erakutsi zuen maila, hain justu. 3-2 jarri zenetik, beti aurretik izan zen markagailuan, eta tartea lortu zuen berehala (10-3). Uterga ez zegoen errenditzeko, ordea, eta jokaldi bikainak eginez, bi tantora gerturatu zen (14-12). Baina orduan egin zuen Urrizak, tanto erabakigarria: eramaten ezinezkoa zirudien dejada harrapatu zuen, eta baita tantoa bukatu ere. Bost tantoren aldea lortu zuen gero, eta ordutik, kontrolpean izan zuen partidua (30-20), Utergak arriskatu zuenean.
«Izugarrizko poza daukat»
Hirugarren txapela du Urrizak, baina aurrekoak baino gehiago gozatu duela onartu zuen: «duela hilabete batzuk, jokatuko nuen ere ez nekien, eta momentu txarrak pasa ditut. Izugarrizko poza daukat».
Utergak, bere aldetik, txapeldunaren nagusitasuna onartu zuen: «hiru txapela dauzka, eta ez da kasualitatea. Entxufatuta egon da partidu guztian, eta nik ez dut asmatu bukatzen, tanto klabe batzuetan».