Ospakizunen azken txanpa eta aurkezpen ofiziala, aste honetan

Kronika - Erredakzioa 2015ko ira. 13a, 02:00

Denboraldia hastear denean, 50garren urteurreneko azken ospakizunak aurkeztu ditu Hernani Errugbi Elkar­te­ak: hiru hitzaldi, taldeen aurkezpen ofiziala, eta Bartzelo­narekin topaketak.
Aste honetan bertan izango dira aurreneko biak. Bihartik asteazkenera, hiru hitzaldi es­kainiko dituzte Biterin, doan: «heziketa fisikoa eta elikadura oso garrantzitsuak dira errugbia praktikatzeko orduan, eta horri buruz izango dira aurreneko biak». Taldearen historiaz ere ariko dira, asteazkenean, eta bertan izango dira 1965etik Hernani­tik pasa diren entrenatzaile guztiak.
Gainera, 50 urteen liburu bat argitaratzeko as­moa dau­ka elkarteak: «San Joan konpartsaren txostenetik abiatuta, eta Iñigo Goñiren kolaborazioarekin, taldearen historiari buruzko liburua publikatzen saiatuko gara».

Aurkezpen ofiziala, ostiralean
Ostiralean izango da taldearen aurkezpen ofiziala, Tilo­se­tan, eta 50ga­rren urteurrena de­nez, talde guz­tiak aurkeztuko di­tuzte. Ekipazio berriarekin desfilatu, eta familiako argazkia ere egingo dute, entrena­tzaile eta jokalari guztiekin. Pintxoak eta garagardoa ere izango dira bertan.

Bartzelonarekin topaketak, «azken txupinazoa»
Urriaren 3 eta 4ko asteburuan bukatuko dituzte urteurreneko ospakizunak: «azken txupinazoa izango da, eta izugarrizko jardunaldia montatuko dugu». Igandean izango da Her­na­ni eta Bartzelonaren partidu ofi­ziala, baina larunbatean, topaketa-torneoa jokatuko dute 10, 12, 14, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek. Afaltzen ere emango diete denei Landaren, eta ondoren, Her­na­niko jokalari bakoi­tzak Bartze­lo­nako bat hartu beharko du etxean: «aspaldi ez genuen egiten, eta pena da, izugarri sendotzen baitu harremana. Oso egokia da Bartzelona­re­kin egitea; antzeko filosofia dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!