Juanan Larrañagak ez du aurkezpen askorik behar, baina ohiko formalismoari jarraituz, hementxe sarreratxo bat: Larrañaga Realeko jokalari ohia da (1980-1994 urteetan aritua, 2 Liga, Superkopa 1 eta Errege Kopa 1 irabazita), futbol entrenatzaile izandakoa Berion eta oinarrizko futboleko zuzendari ohia Realean, futbol esataria... Azpeitian jaio zen 1958an eta Donostian bizi da. 2008tik Mundarroko futbol koordinatzailea da. Hain zuzen, gazte mailako taldeak (alebin, infantil, kadete, jubenil) eta futbol eskola koordinatzeaz arduratzen da. Mikel San Juan teknikariak bultzatuta iritsi zela Mundarrora azaldu dio Kronikari. Eta «oso gustora» dago. Talde gehienek datorren asteburuan ekingo diote ligari, alebinek eta futbol eskolak izan ezik. Lanean buru-belarri dabil beraz.
Mundarroko koordinatzailea zara. Zein da zehazki zure zeregina?
Orain adibidez, aurredenboraldia prestatzen ari naiz. Talde guztiak prestatu, osatu, entrenatzaileak bilatu… Saiakera egiten dugu gazteak eta tituludunak bilatzeko. Hori guztia koordinatzea da nere ardura. Eta gero, urtean zehar laguntzen aritzen naiz zelaian. Bat gehiago naiz. Entrenatzaileei nere esperientzia azaltzen diet, dakidana erakutsi… Egia esan, bulegoan gutxi egoten naiz; arratsaldero zelaira joaten naiz.
Ze behar zuen Mundarrok zu taldera sartu zinenean?
Herrian mutil asko zeuden futbolean jokatu nahi zutenak, baina jokatzeko aukerarik gabe geratzen ziren ez zirelako iristen taldea osatzera. Hau da, lehiatzeko zailtasunak zeuden, bakoitzak bere adinekoekin jokatzeko ez zegoelako nahikoa kopuru. Ni sartu nintzen garaian, La Sallerekin hitzarmen bat egitea lortu zuen klubak eta horrek gauza asko erraztu zituen. Gainera, hitzarmen hori, ez da futbolean bakarrik egin, Mundarro elkarteko beste kiroletan ere bai.
Asko aurreratu da zazpi urte hauetan beraz?
Ni hasi nintzenean, hiru talde bakarrik zeuden. Maila guztietan taldeak izatea lortu dugu eta eskailera osatzea. Bi talde jubenil dauzkagu, 2 kadete, 2-3 infantil, 2 alebin eta futbol eskola. 80-100 haur inguru ibiltzen dira futbol eskolan. Eta gero, helduen taldea daukagu: preferentea. Azken hiru urteetan 10 talde atera ditugu eta eskailera osoa osatu dugu. Asko hazi da Mundarro.
Eta ze esaten dizute zelaian ikusten zaituztenean? Ezagutuko zaituzte.
Gaur egun, gaztetxoek baino, gurasoek ezagutzen naute gehiago. Baina ni taldean bat gehiago naiz, hori argi eta garbi. Gainera oso gustora sentitzen naiz. Asko gustatzen zait gazteekin egotea eta futbola erakustea.
Zeintzuk dira Mundarrok gaur egun dauzkan erronkak eta helburuak?
Helburua da jokalariek ahalik eta gehien ikastea, behetik datozen gazteek aurrerapausoak ematea. Horrez gain, saiatzen gara maila guztietan ohorezko mailako talde bat izaten; mailarik altuena. Azken urteetan lortu dugu eta oso pozik gaude. Bide onean goaz.
Eta hori guztia lortzeko, zein da Mundarrok jarraitzen duen filosofia?
Taldeko lana, heziketa, harreman ona… betiko lana. Heziketa horretan laguntza bat ematen saiatzen gara, ez da bakarrik futbola.
«Herrian mutil asko geratzen ziren futbolean jokatu ezinik kopuruagatik. La Sallerekin hitzarmen bat lortu zen»
Eta zure ustez, Mundarrok ba al du beste herrietan bertako taldeek duten estimua?
Berion hasi nintzen entrenatzaile bezala eta Mundarroren kontra jokatzen genuenean, beti ikusten zen babes hori. Orduan arazoa zen ez zela kopuru nahikorik izaten taldeak osatzeko. Orain bai. Gainera indartzen ari da urtetik urtera eta herri txikia izanda, taldearekiko zaletasun hori badagoela iruditzen zait.
Gainera, herriko jendearekin osatzen dugu taldea eta La Sallekoak ere ingurukoak dira azkenean: Martutene, Loiola… Bestela, kanpora bila ez gara inoiz joaten, oso beharrezkoa ez bada behintzat. Batzuk ibiltzen dira beste taldeetan jokalari onei begira, baina nik ez ditut beste taldeak begiratzen. Eskaerak berriz izaten ditugu. Lan onaren eta daukagun giroaren emaitza da hori.
Eta kanpoan geratu izan da jokalariren bat toki faltagatik?
Mundarron herriko inor ez dugu kanpoan uzten, denentzat dago lekua. Hori bai, bi mailatan jokatzeko aukera izaten da adin tarte bakoitzean. Eta goiko taldeetan, ohorezkoetan, emaitzei begiratzen diegu, ohorezko maila horri eutsi nahi diogulako. Orduan, jokalari batzuei, gaitasunari begiratuta, esan egiten diegu, agian goiko mailan ez dutela jokatzeko aukera askorik izango eta beheko mailan jarraituz gero, gehiago jokatuko dutela. Baina hori beraiek ikusi behar dute.
«Azken urteetan, ohorezko mailako taldea izatea lortu dugu maila guztietan eta oso pozik gaude»
Helduen taldeaz ez zara arduratzen, baina nola ikusten duzu taldea denboraldi honetan?
Lehenengo helburua beti, maila eustea izaten da eta gero, ahalik eta emaitza onenak lortzea. Lehenengo taldearekin, gazteei aukera bat ematea da garrantzitsua, helduen futbola ezagutu dezaten; dudarik gabe, askoz gogorragoa dena. Eta hortik aurrera, emaitza onak etortzen badira, askoz hobeto. Lehenengo taldean ere ez dugu kanpora jotzen. Beheko jokalariekin, herrikoekin egiten dugu lan. %80 herriko jokalariak dira.
Mundarrok lantzeko daukan kontu bat bada, nesken talderen bat sortzea...
Orain dela bi urte deialdi bat egin zen infantil mailarako. Hiru jokalari bakarrik apuntatu ziren. Lehengo urtean berriz, alebin mailan kopurutxo bat osatu zen: bederatzi apuntatu ziren. Maila horretan, nesketan, ezin da federatuan jokatu. Nahi izanez gero, mutilekin jokatu daiteke. Eta hiru neska aritu ziren mutilekin: bi Astigarragakoak eta bat La Sallekoa.
Gurasoren batek ere eskatu digu eta gure aldetik beti gaude aurrerapausoak emateko prest. Guk nahi dugu gainera nesken taldeak osatzea. Bederatzi neska horiekin talde bat osatu liteke eta hamaikakoan jokatu ezin badute, zortziko futbolean aritu, edo La Sallekoekin taldea osatu… Jarraipen bat eman nahi badiote guk jarraituko dugu.
Orokorrean, nola ikusten duzu futbola Astigarragan? Ba al dira destakatzen duten futbolariak?
Maila ona dago Astigarragan eta nabarmentzeko jokalariak ere badira. Antiguokon hiru jokalari ari dira, adibidez. Eta hori da pena, beste taldeetara joaten direla. Baina oso maila polita dago Astigarragan, herri txikia izateko.
«Guk nahi dugu nesken taldeak osatzea eta gure aldetik beti gaude aurrerapausoak emateko prest»
Zeregin honetaz aparte, Euskadi Irratiko komentarista lanetan ere aritzen zara, batez ere, Realaren partiduak komentatzen. Nola ikusten duzu aurten talde txuri-urdina?
Nahiko juxtu hasi dira. Talde ona antolatu dutela dirudi, baina gero ikusi beharko da. Hau luzea izaten da.
Illarramendiren itzulerak sekulako ilusioa piztu du. Hainbesterako aldaketa eragingo al du?
Neri ere ilusioa egin dit, batez ere, etxekoa delako. Etxekoak zaindu egin behar ditugu. Beti kanpora begira egoten gara, baina etxean ere ateratzen dira jokalari onak aukera ematen bazaie. Iruditzen zait taldeari emango diola beste puntu bat.
Zuen garaian, harrobiko jendearekin puntan egotea eta tituluak lortzea posible zela erakutsi zenuten. Gaur egun, hori posible litzateke?
Ez dakit gaur egun lortu litekeen ligak irabaztea, baina talde lehiakor bat izatea bai. Athleticek lortu du. Eta oso zaila izan arren, gure indarra hor dago, etxeko jendean. Jende ona dago. Gipuzkoa txikia da, baina jokalari oso onak eman izan ditu beti; ondo antolatua dago beheko futbola.
«Neri ere ilusioa egin dit Illarra bueltatzeak, batez ere, etxekoa delako. Etxekoak zaindu behar ditugu»
Eta zentzu horretan, garrantzitsua da Mundarro bezalako taldeak izatea eta zuen lana.
Ahal dugun neurrian, gure ekarpena egiten saiatzen gara. Denok lagundu behar dugu. Gu hemen gaude jendeari laguntzeko. Erakutsi eta laguntzeko. Eta egia esan, ni oso gustora nago, jokalariekin, gurasoekin, taldeekin…