Hernani ere partaide izango da babes-hirien sarean, Siriako gerraren errefuxiatuei laguntzeko. Hala adostu dute Udalak, Caritasek, Amherrek eta Eliza katoliko eta ebanjelikoak, eta arazoa konpontzeko, elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dute.
Ostiralean bildu ziren, Hernaniko udaletxean, Luis Intxauspe alkatea, Xabier Lertxundi Ongintzako lehendakaria, Jose Leon Etxart Ongintzako zuzendaria, eta Caritas, Amher eta Eliza katoliko eta ebanjelikoko ordezkariak.
Boluntarioak beharko dira
Elkarlana adostuta, zerrendatuko dituzte Hernanin eskaini daitezkeen zerbitzuak eta beharko diren baliabideak. Eta aurreikusi dute, oraindik zehaztuta ez dagoen arren, boluntarioak beharko direla seguruenik: «batetik, baliabide espazialak eskaintzeko, etxean familiak har ditzakeen jendea, etxe hutsa duena... Eta bestetik, baliabide pertsonalak eskaintzeko, frantsesa, ingelesa eta arabiera itzuli dezaketen pertsonak, laguntzaile izan daitezkeenak edo akonpainamendu moduko bat egingo dutenak». Babesa eskaini dezakeenak edo gaiaren inguruan informazio gehiago nahi duenak, udaletxera deitu dezake: 943 33 70 10.
Udal Taldeek, testu bateratua
Bileraren ondoren, Bozeramaileen Batzordea bildu zen, Udaleko talde politiko guztiei horren inguruko informazioa emateko, eta testu instituzional bateratu bat lantzeko.